Ibarrako (Gipuzkoa) Kultur Etxean, iazko Inauterietan Ertzaintzak hiru gazte foam jaurtigaiekin jota zauritu zituen lekutik kilometro gutxira, hitzaldi bat eman behar zuten ertzainek datorren martxoaren 25ean. EH Bildu buru duen udalak eta Adinkidek antolatu zuten hitzaldia, "lapurretak eta iruzurrak ekiditeari" buruzko informazioa emateko saio bat izango zela argudiatuta.
Ibarrako Gazte Asanbladak, baina, gogor kritikatu zuen udalak Ertzaintzarekin hitzartu izana hitzaldi bat. "Poliziaren figura normalizatzearen aurka gaude", azaldu zuen: "Egunetik egunera bortizkeria polizial kasu gehiagoren albisteak irakurtzen ditugu. Poliziaren funtzio sozial errepresiboa ukaezina da eta, beraz, horren aurpegi garbiketan lagunduko duen kanpainak gelditu behar direla uste dugu". Zehaztu zuen ez dagoela "hitzaldian landuko litzatekeen gaiarekin desados", baina "argi" duela "soluzioa ez dela Poliziaren eskutik etorriko".
Eta badirudi izan duela eragina asanbladaren presioak: gaur jakinarazi duenez, gazte batek udalera telefonoz hots egin duenean, esan diote bertan behera utzi dutela hitzaldia. Udalak ez ditu arrazoiak argitu.