AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/09/05 20:13

Espainiako Estatuko Fiskaltza Orokorrak, Álvaro García Ortizek, soldatapeko langileek 2023an jasandako istripuak islatzen dituen datuak argitaratu ditu, urtero idazten duen memoriaren barruan. Iaz 508 behargin hil ziren lan-istripuz Espainiako Estatuan (gutxienez 39 Euskal Herrian), eta beste 3.050 larriki zauritu ziren. Bestalde, 503.691 beharginek jasan zituzten zauri arinak, eta, beraz, soldatapeko langileen artean, 507.249 lan-istripuren berri izan zen guztira 2023an.

2022ko datuekin alderatuta, zertxobait behera egin zuten iaz lan-istripu mota guztiek. Osotara 519.376 lan-istripu izan ziren urte horretan, eta horietatik 608 izan ziren heriotzak. 3.116 kasutan zauri larriak pairatu zituzten beharginek, eta 515.652 kasutan zauri arinak.

Hala ere, azken bost urteetako datuek emaitza irregularrak erakusten dituzte. 2020an, COVID-19aren pandemia zabaldu zen garaian hain zuzen, nabarmen murriztu ziren erregistratutako lan-istripuak, "ekonomia-jarduerak behera" egin zuen-eta, fiskaltzaren txostenak dioenez.

Urtetik urtera datuek gora-beherak izan arren, azken hamarkadan, pareko datuak erakusten ditu dokumentuak, istripu larriei dagokienez. Urte bakoitzean lanean hil den langile kopurua horren adibide argia da, krisi ekonomikoen garaian izan ezik, istripu eta heriotza kopurua jaisteko joerarik ez baita ikusi: 2014an 454 langilek galdu zuten bizia lantokian, 2019an 475ek, eta 2023an, aldiz, 508 beharginek.

Zauri arineko lan-istripuak, gora

Azken hamar urteetan, gora egin dute erregistratutako zauri arineko lan-istripuek Espainiako Estatuan. 2020an kopuru hori jaitsi bazen ere, 500.000 istripuren langa gainditu da azkenengo urteetan. Txostenak ez du horretarako arrazoi zehatzik ematen, baina "prebentzio-araudiaren aplikazioa lasaitu" izana eta arau horien "haustea" seinalatzen ditu, besteak beste. 

EZ DAGO IRUZKINIK