Etxegabetzeen auziari heldu dio Iruñerriko (Nafarroa) Kontseilu Sozialistak, eta hainbat ikerketa-lan egin ostean, Nafarroako etxegabetzeei buruzko diagnostiko bat eman berri du argitara. Hala, Nafarroako zein Espainiako Estatu mailako zenbait datu aurkeztu ditu, etxegabetzeen problematika hobeto aztertu ahal izateko. Datu ofizialetan zenbait "hutsune" daudela azaldu dute, dena den, Kontseilu Sozialistako kideek; izan ere, ez dira kontuan hartzen etxegabetze "ikusezinak", prozesu judizialetatik kanpo egindakoak edota okupazio kasuekin lotutakoak.
Diagnostikoa egiteko bildu ahal izan dituzten datuen arabera, Nafarroan gutxienez 247 etxegabetze izan ziren iaz, 2021ean. 2008tik 2019ra bitartean 4.266 izan ziren kaleratzeak; "eguneko etxegabetze bat, gutxi gorabehera", Iruñerriko Kontseilu Sozialistak zehaztu duenez.
2020an, ordea, epaitegiak geldirik izan ziren hainbat hilabetez, eta horren eraginez, %33,1 jaitsi zen kaleratze kopurua 2019-2020 aldian. 329 etxegabetze izan ziren 2019an, eta 220, berriz, 2020an. 2020tik 2021era bitartean, ordea, %12,3 egin zuten gora kaleratzeek.
Kontseilu Sozialistako kideen esanetan, "inflazioaren egoeraren" eraginez langileriaren "erosteko ahalmena jaitsi izanak", "gero eta gehiago zailtzen" du "etxebizitzaren gastuei aurre egin ahal izatea".
Etengabeko mehatxu bat
Iruñerriko Kontseilu Sozialistak duela gutxi aurkeztu du Etxegabetzeen Aurkako Sarea, eta aurkezpen-oharrean nabarmendu zituen hainbat ideia eta gogoeta azaltzen ditu etxegabetzeen inguruko diagnostikoan ere. Besteak beste, etxegabetzeak "arazo zabalago baten parte" direla esan du; hain zuzen, "behar bezalako etxebizitza bat" izateko ezintasunarekin lotu du auzia. "Gizarte kapitalistan etxebizitza ez dugu bermatuta", dio.
Bestalde, azpimarratu du etxebizitzaren problematika ezin dela, beste edozein "problematika partzial" bezala, "gainerakoetatik bereizita konpondu, ez bada multzo baten zati gisa hartuta; hau da, maila sozialean". Aldarri politiko zehatz bat hartzen dute oinarri, beraz, Kontseilu Sozialistako kideek: "benetan doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa den etxebizitza", "kapitalismoaren gaindipenarekin" eta "klase-botere independente baten eraikuntzarekin" lotuta egongo dena derrigorrez.
Diagnostikoa, eskuragai