AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: El Periódico
2022/05/16 10:45

Iruñerriko (Nafarroa) Kontseilu Sozialistak sare sozialetan argitaratutako adierazpenak dioenez, "2008ko krisiaz geroztik, gaurkotasun handikoa izaten jarraitzen du" etxegabetzeen auziak, baina, "mediatikoki, izan zenaren itzala besterik ez da egun". Azpimarratu du etxegabetzeak ez direla inolaz ere eten, eta "kalitatezko etxebizitza" bat izateko ezintasunaren "etengabeko mehatxuaren" parte direla.

Horretaz gain, bizitzaren garestitze orokorrari egin diote azpimarra Kontseilu Sozialistako kideek. Salatu dute prozesu horrek are gehiago zailtzen duela etxebizitzaren kostuei aurre egin ahal izatea, eta ondorioz, etxegabetze motaren bat jasateko aukera areagotzen duela. Horri Espainiako Estatu mailako neurrien eraginkortasun falta eta etxegabetzeei lotutako neurri horien lausotasuna gehitu behar zaizkiola diote.

Borrokarako tresna bat

Etxegabetze bakoitza "langile klase osoaren aurkako eraso bat" dela uste du Iruñerriko Kontseilu Sozialistak, eta hala, Etxegabetzeen Aurkako Sare bat martxan jartzea erabaki du. Helburu nagusia etxegabetzeen auziari aurre egitea litzateke, "egiturazko kausak adierazita" eta "arazoaren parte diren agenteak seinalatuta", baita "gure etxebizitzak defendatzeko gaitasunak areagotzeko" bidean lan eginda ere.

Sareak hasieran izango dituen lan zehatzei dagokienez, babes juridikoa eta sostengua emateko asmoa du. Aldi berean, "mobilizatzen eta bidegabekeria horiek salatzen, antolaturiko klase elkartasuna hedatzea" du xede.

Etxebizitzaren arloko borroka orok "etxebizitza doakoa, unibertsala eta kalitatezkoa" bermatzeko bidea elikatu beharko lukeela ere nabarmendu du Iruñerriko Kontseilu Sozialistak, eta pauso horiek "sozialismoaren eraikuntza prozesu bati loturik" daudela ere argitu du.

Harremanetan jartzeko

Etxegabetzeen Aurkako Sarearekin harremanetan jarri nahi dutenek, ondoko telefono zenbakia erabil dezakete: 624 895 314.

EZ DAGO IRUZKINIK