Hego Euskal Herriko H&M enpresako beharginek apirilaren 22an ekin zioten greba mugagabeari. Ordutik bi hilabete igaro dira ia, eta asteartean eman zuten akordio baten berri langileek. CCOO zein UGT sindikatuek Espainiako Estatu mailan sinatutako akordioaren arabera, kaleratuak izango dira asteko 30 ordukoa baino lanaldi luzeagoa daukaten eta kontziliazio eskubidea gauzatzen duten langileak.
Hego Euskal Herrian, ordea, neurri hori atzera botatzea lortu dute langileek. Hori ez ezik, lan-balditzak mantentzea lortu dute, "lanaren funtsezko eraldaketak" ekidinda.
56 langile zeuden kaleratuak izateko arriskuan Hego Euskal Herrian eta, gainera, lan-baldintzen aldaketek zein jardunaldien murrizketek 229 behargini eragingo liekete. Enpresaren arabera, denden "digitalizazio prozesuari" erantzuten diote neurri berriek eta kaleratzeek.