AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Federación Anarquistaren web-orritik hartutakoa
2024/08/29 09:55

Héctor Llaitul preso politiko maputxeak 87 egun beteko ditu gose greban. Duela ia hiru hilabete ekin zion barauari, joan den ekainaren 3an, hainbat exijentzia egiteko: bere preso politiko izaera aitor dezatela, bere kontrako epaiketa eta kondena bertan behera gera daitezela, Temucora tokialda dezatela eta hainbat preso politiko maputxe aske gera daitezela.

Besteak beste, Arauco Malleco Koordinakundeko (CAM, gaztelerazko sigletan) bozeramailea da Llaitul. Urte luzez egin du borroka, adibidez, Wallmapuko lurrak berreskuratzearen alde.

Bere osasun-egoera dela-eta, hainbatetan eraman behar izan dute ospitalera, baina beharrezko osasun-arreta ukatu nahi diote Txileko agintaritzek: ez dute ospitalean mantendu nahi, eta kartzelara itzularazten dute erietxera eramaten duten bakoitzean.

Aurreko larunbatean eraman zuten ospitalera azkenekoz, bat-bateko arritmia baten ondorioz. Komunitate maputxeak eta beste hainbat mugimenduk eta kolektibok mobilizatzeko deia egin dute, eta Llaitulek osasun-arreta egokia jaso dezala exijitu dute.

23 urteko zigorra

Gaur egun, militante maputxea Biobíoko presondegian daukate gatibu. Bere gertukoek eta kideek hamaika aldiz eskatu dute Temucoko espetxera lekualda dezatela, maputxeen lurraldera. Modulu maputxe bat daukate bertan. Txileko agintaritzek, baina, aukera hori baztertu dute hainbatetan: azkenekoz, aurreko astean bota zuten atzera eskaera hori.

2022an espetxeratu zuten Llaitul, eta bi urtez izan dute prebentziozko kartzelaldian. 23 urteko espetxe-zigor bat ezarri diote aurten, hainbat delitu leporatuta: "biolentzia sustatzea eta goratzea", "usurpazio bortitza", "zura lapurtzea" eta "agintaritzaren kontrako atentatua", hala nola.

Estatuko Barne-Segurtasunari buruzko Legean jasotako delituak dira horiek. Augusto Pinochet buru zuen erregimen faxistak ere lege horri heldu zion bere garaian, protesta eta oposizio politiko oro itotzeko asmoz; erreformatu egin zuen.

EZ DAGO IRUZKINIK