AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/06/15 13:46

Sei urte beranduago izan dute haien aurkako prozeduraren berri Leioako5ak deiturikoek. Euskal Herriko Unibertsitateak (UPV/EHU) Leioako campusean (Bizkaia) duen errektoretzaren aurrean elkartu dira auzipetuak eta beste hainbat ikasle ohi, azken berriak azaltzeko. Antza, eta oraindik data zehatzik eman ez badute ere, laster izango da Leioako5en kontrako epaiketa, eta altuak dira akusazio partikularrak nahiz fiskaltzak egindako zigor eskaerak.

2016ko gertakariak

Duela sei urteko apirilean, hainbat eta hainbat ikaslek manifestazio bat egin zuten Leioako campusean, Ikasleon aurkako erasorik ez! lelopean, ikasle mugimenduaren kontrako errepresioa salatzeko. Izan ere, garai hartan eta modu jarraituan, ugariak izan ziren ikasle mugimenduak jasandako eraso errepresiboak, UPV/EHUk zuzenean hala aginduta.

Ikasleen asmoa zen UPV/EHUri bost exijentzia nagusi egitea: 2016ko martxoan Bilboko (Bizkaia) San Mames fakultatean atxilotutako ikasleei espediente diziplinariorik ez irekitzea —Herri Unibertsitatea zela-eta itxialdi bat egiten ari zirenean atxilotu zituzten—, 2016ko martxoan Gasteizen (Araba) atxilotutako ikasleen aurkako salaketak eta bestelako neurriak bertan behera uztea, bere jardun politikoa zela-eta auzipetuta zegoen Leioako ikasle baten auzian esku hartzea eta bere egoerari konponbidea bilatzea, UPV/EHUren campusetan Ertzaintza sar ez zedin behin betiko neurriak hartzea, eta campusetan dagoeneko zeuden polizia-indarrak kanporatzea.

Mobilizazio horren harira ere campusean sar zedin eskatu zion Ertzaintzari UPV/EHUk, eta protesta egiten ari ziren ikasleen aurka oldartu ziren ertzainak. Hainbat ikasle atxiki zituzten "modu arbitrarioan", eta orain epaituko dituzte horren harira auzipetutako bost pertsona.

39,5 urte

Leioako campusean egindako agerraldian, haien kontrako zigor eskaeren berri eman dute gazteek. Guztira, 39 urte eta erdiko espetxe-zigorrak eskatu ditu bost auzipetuentzat akusazio partikularrak —24 urte eta erdikoak fiskaltzak—, baita 45.000 euroko gastuak haien gain hartzea ere.

UPV/EHUk soldatapean dituen seguratek osatzen dute akusazio partikularra. Haiek egindako eskaeren arabera, hamazazpi urteko kartzela-zigorrak ezarriko lizkiekete auzipetutako ikasle ohietako biri, bi urtekoak beste biri, eta urte eta erdikoa bati.

UPV/EHU erantzule

Leioako5ek agerraldian azaldu dutenez, "unibertsitatean antolakuntza politikoak jasaten zuen errepresioa salatzea" bilatzen zuten 2016ko apirileko manifestazio hartan, eta horren aurrean UPV/EHUk "neurriak hartzea" exijitzen zuten. "Manifestazioa bere izaera politikoagatik erreprimitu zuen unibertsitateak, lehenik bere segurtasun enpresaren bidez ikasleak jipoituz, eta gero Ertzaintzari unibertsitatera sartzeko agindua emanez", seinalatu dute.

Beraz, auzipetuen aurka orain irekita dagoen prozedura "neurrigabe" horren erantzule zuzen modura seinalatu dute UPV/EHU. Ohartarazi dute, gainera, lan politikora jotzen duten ikasleen kontrako eraso errepresiboek ez dutela etenik izan, eta horien erantzule izaten jarraitzen duela UPV/EHUk. "Prozesu judizial honek militantzia zigortzeko eta itotzeko helburua dauka", gaineratu dute: Garrantzitsua iruditzen zaigu errepresio politikoaren erantzuleak seinalatzea eta horri modu kolektiboan aurre egitea".

Ekimenak datozen hilabeteetan

Jakinarazi dute, bestalde, haien kontra irekita dagoen auziak sortutako gastu ekonomikoei aurre egin ahal izateko zenbait ekimen antolatuko dituztela hurrengo hilabeteetan. Besteak beste, diru-bilketa kanpaina bat hasi dute jada Helloasso plataforman.

EZ DAGO IRUZKINIK