Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak jakinarazi duenez, Voxek Arrasaten (Gipuzkoa) egindako agerraldiaren harira ere ikerketa bat dago martxan epaitegietan. Hurrengo ostiralean, azaroaren 22an, sei lagunek deklaratu beharko dute Bergaran (Gipuzkoa), Voxeko faxistei aurre egiteagatik.
Voxek apirilean jarri zuen mahai bat Arrasateko Plazan, azkeneko hauteskunde-kanpainan, propaganda banatzeko; eta finean, "euren ideia faxista, erreakzionario eta baztertzaileak zabaltzeko", Kontseilu Sozialistaren esanetan. Pertsona ugari irten ziren kalera, ordea, faxisten aurka protesta egitera. Ohi bezala, Poliziak babestu zituen Voxeko kideak.
Protesta horrengatik ari dira ikertuak izaten deklaratzera deitutako sei pertsonak. Ez da halako zerbaitengatik martxan dagoen ikerketa bakarra: azaroan eta abenduan zehar beste 20 lagunek deklaratu beharko dute, kasu horretan, faxistei Azpeitian (Gipuzkoa) aurre egiteagatik. Bestalde, Bilbon (Bizkaia) bederatzi pertsona epaituko dituzte hurrengo astean zehar, arrazoi berdina dela-eta: faxismoaren aurka mobilizatzea.
Beldurra helburu
"Prozesu judizial horren helburua Vox bezalako talde erreakzionarioei aurre egiten dietenei beldurra sartzea" dela azaldu du Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak, Bergaran zabaldu duten auziari dagokionez: "Beldurra eta intimidazioa lortzetik urrun, elkartasuna handitu eta faxismoaren kontrako jarrera indartzea besterik ez dute lortuko".
"Justiziak instituzio zein komunikabideetan mezu arrazistak eta baztertzaileak zabaltzen dituzten alderdiak babestu eta horiei aurre egiten dietenak jazartzen ditu", salatu dute, gainera, Kontseilu Sozialistako kideek. Babesa adierazi diete deklaratu beharko duten pertsonei, eta faxismoaren kontra antolatzera deitu dute.