AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
BASC (Budapest Antifa Solidarity Comittee) babes taldearen ekimena, Alemanian. ARGAZKIA / @BASC161
2024/05/23 19:56

Hungarian "Ohorearen Eguna" delakoa ospatzen dute faxistek 1997az geroztik, otsailaren 11n. Lègio Hungária talde neonaziak antolatzen du, "birsortze historikoaren" aitzakiapean. Izan ere, 1945eko otsailean Hungaria, Alemania naziaren aliatu faxista zena, amore emateko zorian zegoen Sobietar Batasunaren aurrean. Sobietarrek ia Budapest osoa hartu zutenean, Hungariako milaka soldadu frontean aurrera egiten saiatu ziren, baina ez zuten lortu. Bi egunen ondoren errenditu ziren faxistak.

Hala ere, gaur egun, soldadu nazien ibilaldia egiten dute urtero faxistek, eta nazioarteko alderdi faxista eta ultraeskuindarren ikurrak eta banderak ateratzen dituzte. Alemaniako NPF, Der Dritte Weg edota Die Rechte talde naziek parte hartzen dute Ohorearen Eguna deitzen duten horretan, besteak beste.

Baina faxisten omenaldiek erantzuna izan dute azken urteetan: Europako hainbat talde antifaxista mobilizatu izan dira Hungariara faxisten aurka protesta egiteko, eta hala egin zuten aurreko urtean ere. Iaz, Ohorearen Eguna izan baino egun bat lehenago, gatazka bat piztu zen Budapesteko kaleetan eta, antza, faxisten eta euren kontrakoen borrokak izan ziren hiriburuko kaleetan.

Hurrengo egunean sei militante antifaxista atxilotu zituen Poliziak, faxistei eraso egitea leporatuta. Horietatik lau aske utzi zituzten arren, bi pertsona espetxeratu zituzten: Alemaniako Tobias E. eta Italiako Ilaria S. Preso jarraitzen dute gaur egun, Hungarian.

Espetxeko baldintzak, negargarriak

Neonaziei bi "eraso" egitearen akusaziopean dago italiarra. Zenbait medikuk adierazi zutenez, faxistek "bost eta zortzi egunen artean" sendatzen diren zauriak zituzten, baina ez zuten "erasoa" salatu ere egin. Alemaniako militante antifaxista, baina, "nazioarteko talde kriminal batean" parte hartzea leporatuta daukate atxilo, oraingoz.

Poliziaren erasoak eta Hungariako espetxeetan jaso duten tratu ankerra salatu dituzte bi preso politikoek. Horrela deskribatu zituen presondegietako baldintzak Ilariak: egunean otordu bakarra izan du, sei hilabetez inkomunikatuta egon da eta, gainera, espetxeetako osasun-baldintza miserableen berri eman du. Ez du xaboirik izan bost aste luzez, ez eta komuneko paperik edota tanpoirik ere; eta, atxilotu zuten egunean, arropa konfiskatu eta jantzi "zikin eta kirasduna" jartzera behartu zuten, orratz-takoidun bota deserosoekin batera.

Ziegak "arratoiz, labezomorroz eta zimitzez beteta" daude, Ilariaren esanetan, eta, nabarmendu duenez, dermatitisa sorrarazi diote horiek. Kartzelariek, gainera, ez diote inolako botikarik eman. Hori gutxi balitz, presoek 23 ordu ematen dituzte ziegan, atera ezinik. Zortzi pertsona daude ziega berdinean eta, azaldu duenez, "aire zabalean" ematen duten ordua lur azpiko espazio batean igaro behar dute presoek. 

Atxilotu gehiago

Ilariaren eta Tobiasen kontrako esku-hartzeak ez ezik, Hungariako Estatuak beste hamalau Europako Atxilotze-Agindu (ODE, gaztelerazko sigletan) abiatu ditu, nazionalitate ezberdineko hainbat pertsonaren aurka. Horietatik hiru atxilotu dituzte jada: Italiako Gabriele M. atxilotu dute, baina ez dute Hungariara estraditatu; aitzitik, Hanna eta Maja alemaniarrek atxilo jarraitzen dute, estradizioaren esperoan.

Budapest Antifa Solidarity Comittee (BASC) kolektiboak salatu duenez, lege-urraketak egiteagatik ezaguna da Hungariako Estatua, presoei dagokienez. Italiako Giulio Benedetti fiskalak berak ere argitu zuen Gabriele presoaren estradizioari uko egin izanaren zergatia: "Hungariak ez du presoen giza-eskubideak errespetatzea bermatu".

Otsailaren 15ean seinalatutako militante politikoen etxeak miatzen hasi zen Alemaniako Polizia, Hungariako Estatuarekin batera eginiko operazio baten barruan. Testuinguru horretan, Alemaniako hamar antifaxistak ikusi dute euren burua klandestinitatean bizitzera derrigortuta. Adierazi dutenez, klandestinitate hori, "Hungariako kartzeletako baldintza zitalek ez ezik, 24 eta 40 urte arteko kartzela-zigorrek baldintzatu" dute. Izan ere, erailketa-saiakera leporatzen die Hungariako botere judizialak.

Akusazioak "gora doaz" eta kutsu politikoa agerian da

Hanna Berlinen atxilotu zuten bortizki otsailean, eta Maja ere hilabete batzuen buruan espetxeratu zuten. Alemaniako Fiskaltza Federalak "Hungariako prozedura judizialak lehentasuna" duela esan dio Berlingo Justizia Auzitegi Nagusiari. Hori ez ezik, neonazien aurkako erasoen akusazioari "erailketa-saiakera" gehitu nahi izan zion fiskaltzak; bai atxilotuen kontra, bai eta klandestinitatean dauden antifaxisten kontra ere.

Ihes eginda dagoen pertsonetako baten abokatuak, Alexander Hoffmanek hain zuzen, akusazioak gora egin duela seinalatu du. Antza, orain arte kontsentsua egon da Hungariako eta Alemaniako polizia-indarren artean eta, beraz, erailtzeko "asmorik" ez zegoela aitortzen zuten haiek. Fiskaltza Federala, ordea, prozesua "politizatzen" ari dela dio abokatuak. Erasoei behar baino "garrantzia gehiago" ematen ari da, abokatuaren ustez, eta balizko "nazioarteko talde kriminal baten irudia" puzten ere ari da.

Alemaniako Estatuaren garroak gertukoak ere ukitu ditu

Ez da Alemanian, azkenaldian, antifaxisten aurka egindako operazio bakarra. Antifa-Ost delako auzian, neonazi batzuei eraso egiteagatik epaitu zituzten hainbat pertsona, Sajonian eta Turingian. Epaia ez da loteslea oraindik, baina lau pertsona kondenatu zituen tribunalak. Orduan egin zuten bezala, kalte fisiko bat "estatuaren aurkako delitutzat" hartzen da orain ere, eta, horretarako, "ustezko elkartze kriminal bat instrumentalizatzen da", Hoffmanen arabera.

Izan ere, bi epaiketetan baliatu du Zigor Kodearen 129. artikulua Alemaniako fiskaltzak. Hala, erakunde kriminal bat osatzea leporatzen denez, akusatuen aurkako "ikerketa-neurri bereziak" aplikatzea legeztatzen da. Mekanismo horri esker, akusatuak ez ezik, euren senideak eta lagunak kaltetu ditu akusazioak. Salatu dutenez, euren etxeak miatu eta informazioa ateratzen saiatu da Polizia eta, hori ez ezik, gutunak "irekita" edo "denak batera" iristen zaizkiela azaldu dute. Jazarpena salatu eta une oro "behatuta" sentitzen direla diote.

Faxismoa, estatua eta Polizia harremanetan

Hoffmanen ustez, gora egin du faxismoari aurre egiteko borrokaren kontrako errepresioak, antifaxisten aurkako akusazioak ohikoagoak eta gogorragoak baitira. Bere esanetan, jarduera "antifaxista deslegitimatzen" saiatzen ari dira, antifaxistek biolentzia "bultzatzen" dutela esanez. Gainera, antifaxistak "RAF berritzat" jo dituztela kritikatu du abokatuak.

Alderdi politikoek diskurtso hori hauspotu besterik ez dutela egiten iritzi diote hitza hartu duten kolektibo antifaxistek. Testuinguru horretan, Alemaniako AfD alderdi faxistak, esaterako, indarra hartu du azken urteetan eta, akusatutako militante antifaxisten senideek diotenez, alderdi horrek botere judizialean "eragiteko" duen ahalmenaren "aztarnak" ikus daitezke.

Antifa-Ost epaiketak, gainera, agerian utzi zituen Poliziaren eta talde faxisten arteko loturak. Izan ere, Turingiako sei poliziak "sekretu ofizial" batzuk jakinarazi zizkioten Knockout 51 talde neonaziari. Kasu isolatu bat izatetik urrun, halako jarduketak "egiturazko" arazo bat direla salatu du BASC taldeak.

EZ DAGO IRUZKINIK