AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / RTVE-ren bidez
2026/02/03 12:12

Alfredo de Miguel, hainbat ustelkeria kasuri lotuta kartzelaratu zuten jeltzalea, hirugarren graduan sartu dute. Hainbat hedabidek azaldu dutenez, Bilboko Instantzia Auzitegiko Espetxe Zaintzak erabaki du politikari arabarra erregimenez aldatzea Basauriko presondegian, defentsaren eskaera onartuz. Dena den, orain arte ere bazituen malgutasuna ematen zioten hainbat neurri, Gasteiz Berri atariaren esanetan: dagoeneko egunero irteten zen espetxetik, Bizkaiko aholkularitza-bulego batean lan egiteko, teorian.

2023ko uztailean sartu zuten kartzelan EAJko buru ohia, ustelkeriagatik. Hamabi urteko zigorra jarri zioten berez, eta hortaz, kondenaren herena ere bete gabe ezarri diote hirugarren erregimena. Ebazpen judizialak, gainera, Kartzelako Tratamendu Batzordea kontraesan du, de Migueli hirugarren gradua aplikatzearen aurka agertu baitzen. 

EAJren orain arteko ustelkeria kasurik handiena (de Miguel auzia) zela-eta kondenatu zuten politikari ohia, 2019an: esleipen publikoen bitartez, legez kontrako komisioak kobratzeko sare bat zuzendu zuen. Horretarako, Arabako Foru Aldundian zeukan karguaz baliatzen zen, baita alderdi jeltzalearen lurralde-egituraz ere.

Arabako Probintzia Auzitegiak zigortu zuen de Miguel, eta Espainiako Auzitegi Gorenak berretsi zuen kondena gero. "Legez kontrako elkarte" baten parte izatea, "funtzionario-eroskerian" aritzea, "prebarikazioa" eta bere "influentziez" baliatzea egotzi zioten, besteak beste.

Auzi berean zigortutako beste politikari jeltzale batzuei ere eman diete hirugarren gradua berriki; Aitor Telleriari, Koldo Otxandianori eta Xabier Sanchezi esaterako. Bai haiek bai de Miguel, bi urte inguru espetxean egin ostean aldatu dituzte erregimenez.

EZ DAGO IRUZKINIK