AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2025/12/09 13:41

Angeluko (Lapurdi) udal-igerilekuaren kudeaketa Vert Marine enpresa pribatuaren esku uztea erabaki du Herriko Etxeak. Irailean ireki zituzten berriz igerilekuko ateak, baina Ipar Euskal Herriko Kontseilu Sozialistak jakinarazi du kudeaketa pribatu bihurtu izanak "ondorio latzak" eragin dizkiela langileei eta erabiltzaileei.

Izan ere, hiru langile kanporatu dituzte jadanik. Beharginen egoera "asaldagarria" da, Kontseilu Sozialistaren esanetan, ziurgabetasunean murgildu baitituzte: "Berriki kontratatutako 11 pertsonetatik bederatzik beraien proba-lanaldia luzatua ikusi dute, eta bik bakarrik lortu dute baieztapena. Proba-lanaldiak behin eta berriz luzatzeak zalantza sortzen du". Kontseiluak azaldu du igerilekua ireki bezain pronto sorosle bat kaleratu izana "harrigarria" dela, eta "kudeaketa katastrofiko" horrek "prekaritate handia" dakarkiela langileei, haienganako "presioa" areagotzeaz gain.

Ipar Euskal Herriko kideek ohartarazi dutenez, horrek guztiak, langileak kaltetzeaz gain, "zerbitzuaren kalitatea" kaskartzen du. Hori gutxi balitz, igerilekuko prezioek gora egin dute ikasturte honetan. Vert Marinen esku-hartzeak izandako eraginak seinalatzearekin batera, baina, Herriko Etxearen erantzukizuna nabarmendu du Kontseilu Sozialistak: "Igerilekuaren kudeaketa Vert Marinen esku uztea instituzio horren erabakia izan da. Hautu horrek, biztanleei ematen zaien zerbitzuaren kalitatea ez ezik, funtsezko leku horri atxikitako langileen lan-baldintzak ere konprometitzen ditu".

Kontseiluak antolatzeko deia egin die igerilekuko langileei. "Enpresarien eta instituzioen aurka" erantzutera deitu du, hain zuzen ere, baita "doakoak, kalitatezkoak eta unibertsalak izango diren aisialdi-zerbitzuak" aldarrikatu ere.

EZ DAGO IRUZKINIK