Eusko Jaurlaritzako Segurtasun Sailaren arabera, lan-istripua izan da bart goizaldean, 04:30ak aldera, Iurretako (Bizkaia) Smurfit enpresan. Ondorioz, hiru langile ospitaleratu behar izan dituzte, substantzia toxikoak arnasteagatik. Soldatapean lantegia garbitzen ari zirela arnastu dituzte gai toxikook, Segurtasun Sailak azaldu duenez.
Hasiera batean, langileetako bi eraman dituzte Galdakaoko (Bizkaia) ospitalera, bertan artatuak izan zitezen. Hirugarren behargina anbulantzian artatu dute lehenengo; gero, ordea, ospitalera mugitu behar izan dute.
Ez da Smurfiten azken urteetan gertatu den aurreneko-lan istripua, inondik inora. Paper fabrika horretako langileek etengabeko istripuak salatu dituzte, duela bi urtetik, gutxienez. 2018. urteko abenduan, ohar bat argitaratu zuten langile batzordeko kideek, "segurtasunaren arloan", "egoera jasanezina" zela adierazteko. Besteak beste, suteak aipatu zituzten. Suteen aurkako alarma sistemak eta ur hornidurak hainbat kasutan ez zutela modu egokian funtzionatu azaldu zuten, gainera.
Bestalde, lan-istripuak izaten zirenean, enpresako zuzendaritzaren jarrera "gertakariak ezkutatzea" zela azaldu zuten, "mediku-zerbitzuen laguntzarekin". Hori gutxi balitz, Lan Ikuskaritzak ebatzi zuen Smurfiteko hainbat behargin "legez kanpoko egoeran" lanean ari zirela. Zuzendaritzak, baina, "lan baldintza prekarioen alde apustu egiten jarraitu" zuela gaitzetsi zuten langileek. Tartean, "azpiegitura zaharkitu eta zikinei" egin zieten erreferentzia: "Arriskutsuak izan daitezkeen gai toxikoen isurketak izaten dira sarri".