EAEko kartzeletan giltzapetuta dauden hainbat preso politikoren senideek eta lagunek joan den asteburuan egin dute agerraldi bat, salatzeko presoen oinarrizko eskubideak urratzen ari direla. Besteak beste, bisita batzuk debekatzen ari zaizkie agintaritzak, presoen eta bisiten eskatzaileen ideologia edo militantzia politikoa direla-eta.
Gaizka Astorkizaga Fito preso politikoak atzo argitaratu zuen idatzi bat, eta adierazi zuen urraketa hori jasaten ari dela bera ere. Oraingoz, 27 lagunen bisitak ukatu dizkiote, pertsona horien "militantzia eta jarduera elkarbizitzaren kontrakoa izatearen aitzakipean". Psikologoa da, gainera, Fito bisitatzea debekatu dioten eskatzaileetako bat, eta hori "osasun-eskubide urraketa larria" dela salatu du berak.
Zerrenda beltza
"Debeku horiek argi uzten dute Eusko Jaurlaritzak zerrenda beltz bat duela, belaunaldi zahar zein gazteez osatuta dagoena, eta presoen eta gure gertukoen arteko komunikazioa baldintzatzen duena", nabarmendu du Astorkizagak: "Eraso edo inkomunikazio egoera alde bikoitzekoa da, bai presoak kalearekikoa zein kaleak presoarekikoa".
Errepresioa eta jazarpena espetxeaz harago ere badoala uste du: "Gizarteko hainbat arlotan disidentzia politikoaren eta Euskal Herri langilearen aurkako betoak eta beste motatako erasoak nonahi izaten ari dira". Horren guztiaren helburua da "disidentzia politikoaren pentsaera eta jarduerak etetea eta elkarbizitza faltsu bat ezartzea [...], memoria historikoa eta belaunaldi berrien borroka grina deusestatzea", Fitoren esanetan.
Seinalatu du, gainera, "Eusko Jaurlaritza eta hura osatzen duten alderdi politikoak" direla horren guztiaren "erantzule".
Fito borrokan: barauak
"Borrokak eraman gintuen errepresioa jasotzera, eta horrekin kartzelara", gogorarazi du. Horren kontra "bi bide" daudela iritzi dio: "burua makurtzea eta etsaiaren legea onartzea", batetik, edo "aurrera jo eta egoera salatzen jarraitzea", bestetik; "bai espetxe barrutik zein kanpotik".
Bigarren bide horren alde egin du Fitok, eta azaldu du, uztailean hasita, bi borroka-egun egingo dituela hilero-hilero. Zehazki, bi barau egingo ditu hilean: bat azken aurreko ostiralean, preso politikoak jasaten ari diren salbuespen-neurriak eta "Euskal Herriko langileria bizitzen ari den errepresioa" salatzeko; eta bestea hileko azken ostiralean, amnistia osoa exijitzeko.
Epaiketa Espainiako Auzitegi Nazionalean, datorren urrian
Otsailean espetxeratu zuten Fito, Zaballan (Araba), zenbait sabotaje-ekintzari lotuta eta "desordenak eragitea" leporatuta. 2023ko ekainean epaitu zuten Madrilen, eta horren harira jarritako zigorra betearazteko kartzelaratu dute aurten. Urtebete geratzen zaio zigor hori betetzeko.
Sua eta Harria atariak jakinarazi du, dena den, datorren urrian epaituko dutela berriz Espainiako Auzitegi Nazionalean, beste sabotaje-ekintza batean parte hartzea egotzita. Hemezortzi urteko kartzela-zigor eskaera bati egin beharko dio aurre. Guztira, bost urtez izan dute gatibu Astorkizaga.
Berriki argitaratutako idatzian, "elkartasunik handiena" erakutsi die Fitok "beto politikoei aurre egiten ari direnei, Palestinako erresistentziari eta Donbasseko herriari".