AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/02 11:28

Iazko irailaren 2an hustu zuten Errotxapeako Gaztetxea (Iruñerria, Nafarroa), eta polizia-indarrek modu bortitzean jo zuten desalojoaren aurka protesta egitera bertaratu zirenen aurka. Hainbat lagun zauritu zituzten, eta identifikatuak nahiz atxilotuak ere izan ziren. Hain justu, sei pertsona eraman zituzten atxilo poliziek, eta gaur jakinarazi dutenez, ezarrita dago jada haien aurkako epaiketaren eguna: martxoaren 15ean epaituko dituzte Iruñean.

Zigor eskaerak altuak dira: hiru hilabete eta bederatzi hilabeteko espetxe-zigorra eskatu dute auzipetutako bost kiderentzat, eta bi urtekoa seigarrenarentzat. Poliziak egindako adierazpenak hartu dituzte aintzat epaitegietan, eta hala, polizia-agenteei lesioak nahiz haien aurka atentatzea leporatzen diete sei gazteei.

Gaurkoan agerraldi bat egin dute Errotxapeako Gaztetxeak eta Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sareak, eta azken berriak jakinarazteaz gain, mobilizazio deialdi bat egin dute, "auzipetuei elkartasuna adierazteko eta espazioen defentsaren aurkako eraso hau salatzeko". Epaiketaren egunean, hilaren 15ean, Iruñeko epaitegien aurrera bertaratzera deitu dute. 09:30ean hasiko da kontzentrazioa.

Espazioen defentsa jopuntuan

"Azken urte eta hilabeteetan bizitzen ari garen ofentsiba ekonomiko eta politikoaren testuinguruan, okupaziorako aukera ere erasotua izaten ari da", salatu dute, bestalde, gaurko prentsaurrekoan. "Geroz eta gehiago zailtzen ari da espazioak eskuratzea, horietan irautea eta horiek erabiltzea, eta kasu honek erakusten digun eran, baita espazioak defendatzea ere", gaineratu dute.

Gaztetxearen desalojoari loturiko isunen eta martxan jarritako prozesu judizialaren helburuari ere egin diote azpimarra: "Asmo argia dute; espazioen gaineko langile kontrola eta bere defentsa deuseztatzea, jabego pribatuari antolakuntzaz aurre egitera ausartzen den edonor beldurrez mantentzearekin batera. Nola uler daiteke, bestela, espazioaren desalojoa salatzeko elkarretaratze bati antolaketa polizial izugarriarekin erantzun eta sei pertsonari kartzela-zigor eskaera horiek egitea? Horrelakoak ikusita, nor ausartuko da gaztetxe, Zentro Sozialista edo zentro sozial baten huste bati aurre egitera? Nor ausartuko da etxe-kaleratze bat oztopatzera?".

Hala, espazio horien beharra nabarmendu dute berriz Errotxapeako Gaztetxeko eta Errakiko kideek: "Burgesiarengandik eta bere alderdiengandik independentziaz antolatzeko, ezinbestekoak zaizkigu azpiegitura horiek, eta beraz, hil ala bizikoa zaigu espazioen defentsarako aukerak handitu eta errepresioari erantzutea".

EZ DAGO IRUZKINIK