AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: @erresidentziak
2020/01/11 11:18

180. greba eguna dute gaur Gipuzkoako zahar etxeetako langileek, eta aurrera egingo dute lan hitzarmenean hobekuntzak lortzeko borrokarekin: hilabetez luzatuko dute greba, hain zuzen, otsailaren 7ra arte gutxienez.

2018. urteko udazkenean jarri zuten martxan borrokaldia beharginek, lan hitzarmenaren inguruko negoziazioek aterabiderik ez zutela ebatzita. Mobilizazioei eta lanuzteei ekin zieten hala, hitzarmenari dagokionean, hiru eskaera nagusi mahaigaineratuz: azken bi urteetako soldatak igotzea, "partzialtasunean eta prekarietatean" dauden langileen %50 baino gehiagoren egoera hobetzea, eta soldata-arrakalari aurre egitea (6.000 eurotik gorakoa da). Iazko abenduaren 12an hasi zuten azkeneko grebaldia, atzora arte iraun duena.

Atzo, hilak 10, bildu ziren sindikatuen ordezkariak eta sektoreko patronalak. ELAren esanetan, patronalek ez diete erantzunik eman sindikatuak "negoziaziorako galdegindako baldintza minimoei". Hala, momentuz, ez dute akordiorik erdietsi, eta hilaren 17an izango dute hurrengo batzarra. "Gipuzkoako Foru Aldundiak eta patronalek aurrera egitearen eta sektoreak egun bizi duen egoera larria askatzearen aldeko apustua egiten duten edo ez ikusiko dugu orduan", dio ELAk.