Atzo, abenduak 16, Saratxoko (Araba) saihesbidean lan-istripua izan zuen langile batek, eta gaur zendu da Gurutzetako Ospitalean (Bizkaia). Obretan soldatapean lanean ari zela, behargina azpian hartu zuen egitura batek, eta zauritu egin zen.
Aiaraldea-k azpimarratu duenez, aurten eskualdeko sei langilek galdu dute bizia haien lanpostuetan. Hain zuzen, Galdakaoko (Bizkaia) GHI Hornos Industriales, Murgako (Araba) Zorroza Gestion de Residuos, Arrigorriagako (Bizkaia) Talleres Berastegui eta Forestales Frias enpresentzat jarduten zuten soldatapean eraildako beharginek.
LAU HILKETA AZKEN EGUNETAN
Aurreko ostiraletik hona, lau langileren hilketen berri eman dute Euskal Herrian. Ostiralean, hilak 11, Azpeitiko (Gipuzkoa) zerrategi batean hil zen lan-istripuz behargin bat, eta asteartean, hilak 15, bi erailketaren berri eman zuten Buruntzaldean: egun horretan, gidatzen ari zen kamioiak su hartuta, Andoain (Gipuzkoa) parean galdu zuen bizia garraiolari batek. Bestalde, asteartean bertan jakinarazi zuten hil egin zela urrian Hernanin (Gipuzkoa) lan-istripua izan zuen langile bat.