AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistek iaz Bilbon egindako protesta bat, Etxebizitza Legearen kontra.
2024/05/23 15:29

Etxebizitza Legea duela urtebete sartu zen indarrean Espainiako Estatuan; 2023ko maiatzaren 24an, hain zuzen ere. Euskal Herriko lekuan lekuko Etxebizitza Sindikatu Sozialistek hasieratik salatu dute lege horren fartsa, eta, orain, urtebeteren ostean, salaketa hori berretsi dute. Horren adibide modura, teorian Etxebizitza Legeak debekatzen duen baina errealitatean behin eta berriz izaten den praktika bat erakutsi dute: maizterrei ordainsariak kobratzen dizkiete higiezin agentziek, legez kontra.

Hainbat kamera ezkuturen bidez, Bilboko (Bizkaia), Donostiako (Gipuzkoa) eta Iruñeko (Nafarroa) zenbait agentziak debekatutako praktika hori mantentzen dutela frogatu du berriki Euskal Herriko Etxebizitza Sindikatu Sozialistak (iazko ekainean sortu zen maila nazionaleko sindikatua, tokian tokiko sindikatuen indarrak batuta). Bideo honetan plazaratu du hori guztia. "Kudeaketa-kostuak" kontzeptua erabiltzen dute agentziek maizterrei ordainsari horiek kobratzeko.

"Ez dira kasu isolatuak, praktika horiek hedatuta daude ia higiezinen enpresa guztietan", azaldu du sindikatuak: "Legea hautsiz, kudeaketa-kostuak maizterren gain jartzen jarraitzen dute, de facto, alokairuaren kostua garestituz". Eta, gainera, kudeaketa horrek "filtro gisa funtzionatzen" duela jakinarazi dute, "zaildu" egiten duelako etxebizitzarako sarbidea "baliabide gutxi dituzten familientzako".

Emaitza gutxi

Etxebizitza Sindikatu Sozialistak berriz seinalatu du "propaganda handia eta emaitza gutxi" dituela iaz ezarritako Etxebizitza Legeak, eta ez dutela "eragin positiborik" izan Espainiako Gobernuaren neurriek. Izan ere, ohartarazi dute "orokortu" egin direla higiezin agentzien iruzurrak, "legeak ez duelako kontrolik edo zehapenik aurreikusten". Hori gutxi balitz, legearen bidez "alokairuen igoerari %2ko eta %3ko muga ezartzen bazitzaion ere, %12tik gorakoa izan da estatuan, eta ia %8koa Euskal Herrian".

"Etxebizitza Legeak babesten duen eskubide bakarra jabetza pribatuarena eta errentarien irabaziena da", ondorioztatu du sindikatuak: "Urtebeteko Etxebizitza Legearen ondoren, prezioek gora egiten, etxegabetzeak gauzatzen eta higiezin agentziek aberasten jarraitzen dute".

EZ DAGO IRUZKINIK