AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/03/21 08:45

Hezkuntza erreforma olatu berri bat izaten ari da Espainiako Estatuan, ikasketa prozesuko maila guztietan: LOMLOE LOMCE ordezkatzen ari da iaztik, onartu dute Lanbide Heziketarako Legea, eta LOSU berandu baino lehen martxan jarri nahi dute unibertsitateetan. Zeri erantzuten dio horrek guztiak?

Joanex Artola: Hezkuntza sistema ez dago gizarte kapitalistaren dinamiketatik salbu, eta beraz, gizarte kapitalistarekiko menpekoa da. Horregatik, ekoizpen eredu kapitalistaren beharren arabera antolatzen da hezkuntza, eta askotan seinalatu den gisan, ziklo ekonomiko berri baten atarian gaudenez, hezkuntzak dituen funtzioak ere eraberritu egin behar dira. Hori formalizatzera datoz hezkuntza erreformak.

Konkretuki, elitizazio prozesu gisa kontzeptualizatu dugu izaten ari den prozesua. Orain artean, hezkuntza eredua zerbitzu bezala iristen zen gizarteko geruza ahalik eta gehienengana; orain, ordea, hezkuntzarako sarbidea geroz eta eskasagoa da. Hala, bi esparrutan nabarmentzen da elitizazioa. Batetik, ekonomikoan: gizartearen pobretzea geroz eta handiagoa eta ikastea geroz eta garestiagoa den heinean (tasak nahiz ikasketa materiala garestitzen ari dira), logikoki, proletariotza kanporatua izango da hezkuntzatik. Joera hori oro har gertatzen bada ere, ikusgarriena unibertsitateko kasua dela uste dugu. Bestetik, pedagogiaren esparruan ere ikusten da elitizazioa: ikasketa prozesuaren kalitatea nabarmen jaitsi da, ratioak ez dira egokiak, eta, edukiak baino, etorkizuneko langileak izateko oinarrizko gaitasunak irakasten dira, egun konpetentzia deitzen diren horiek; lehiakortasuna, enpatia eza...

Eider Caballero: Funtsean, enpresa-egitura bilakatu nahi da eskolaren egitura; enpresaburu modura aurkezten dira ikastetxeetako zuzendaritzak zein unibertsitateetako errektoretzak, eta ikasleak, aldiz, langile modura. Historikoki seinalatu den eskola-fabrika dikotomian sakondu nahi da, dikotomia bera modernizatuta eta XXI. mendera egokituta. Bestela esanda, hezkuntza sistema enpresa-merkatuaren menpe egon da gizarte kapitalistan, zuzenak ez ziren kontrol modalitateen bidez; hau da, estatu burgesaren bidez. Orain, berriz, enpresak hezkuntzaren gaineko kontrol zuzena ari dira aplikatzen, inbertsio handiak eginez. Hortaz, kontrol modalitatea ari da aldatzen, eta enpresei marko juridiko hori baimentzeko testuingurua sortzen dute hezkuntza erreformek.

LOMLOE martxan da iaztik, eta horren neurriak 2023-2024 ikasturtera bitarte joanen dira ezartzen. Zer aldaketa dakartza lege berri horrek? Nori egiten dio mesede eta nori kalte?

E. C: Lege progresista gisa saldu dute LOMLOE, baina LOMCE ordezkatu baino, LOMCE eguneratzen du. Batetik, PSOE-Podemosen norabide ideologikoa ezartzen du hezkuntzan, eta bestetik, ziklo ekonomiko berri batek behar dituen ezaugarriak, hezkuntzaren kasuan irakasgaiak eta balio moralak, finkatzen ditu.

Oro har, digitalizazioa da aldaketa nabarmenetako bat. Aparatu digitalek ordezkatuko dituzte eskuliburuak eta bestelako ikas materialak; hala, multinazionalek, Microsoftek kasu, egundoko etekinak ziurtatuko dituzte. Gainera, ikasleon datu ugari geratuko dira enpresa horien esku, eta salmentarako objektu bihurtuko dira.

Baina ez da hori bakarrik: konpetentzia digitalek edota Lan Formakuntza eta Orientazioa bezalako irakasgaiek ere pisua hartuko dute. Gure ustez, lotura argia dago ekoizpen ziklo berriaren beharren eta hezkuntzaren zeregin hezitzailearen artean. Izan ere, bistakoa da teknologia berrietan eta tresna digitaletan oinarrituko dela aipatutako zikloa.

Hori gutxi balitz, pentsamendua garatzeko espazioak, filosofia esaterako, alboratuak izango dira. Gure ustez, pentsamendua landu behar du eskolak, eta beraz, pentsatzen lagundu behar du; irakatsi egin behar du. Adibide zehatz gehiago bila daitezke, baina garrantzitsuena da frogatzea erreformak ez duela erroko aldaketarik ekarriko. Egiturazko arazoei heldu beharrean, aldaketa formalak sustatzen dituen lege bat da; segregazioa edota zerbitzuen eskasia, ordea, ez dira lantzen.

Finean, erreforma aurrerakoi gisa saldu nahi duten horrek, belaunaldi berriak otzantasunean eta lehiakortasun kapitalistan hezteko besterik ez du balioko. LOMLOEk, sinpleki esanda, enpresari handiei egingo die mesede eta langileriari kalte.

Lanbide Heziketarako Legea onartu zuen Espainiako Kongresuak 2021eko abenduan, eta norabide berean doaz Euskal Autonomia Erkidegoan zein Nafarroan azken urteetan onartzen ari diren planak. Lanbide Heziketa Dualaren ezarpena da jasotzen den puntu garrantzitsu bat. Zein helbururekin ari dira neurri berri horiek inposatzen? Eta zein mekanismo erabiltzen dituzte?

E. C: Logika berdinarekin, merkatuaren behar berrietara egokitzeko planak dira Lanbide Heziketakoak ere. Aurreko urte batzuetakoarekin alderatuta, ikaragarria da orain Lanbide Heziketan egiten ari diren inbertsioa. Beraz, garrantzi ekonomikoa hartuko duen esparru bat bilakatuko da; hau da, estrategikoa izango da datozen urteetan. Hain zuzen ere, unibertsitatearen gainbeheraren aurrean, pisua irabazten ari da Lanbide Heziketa, eraginkorragoa baita lan munduan sartzeko. Unibertsitateko gradu bat ikasi ostean, master bat ikasi behar da, eta zorionekoa bazara lan bat topatuko duzu, baina zazpi urteko prozesu bat izan daiteke hori. Lanbide Heziketan, aldiz, bi edo hiru urteren buruan lanean hasteko aukerak handiagoak dira. Lan beharraren aurrean, beraz, unibertsitatea baino eraginkorragoa da Lanbide Heziketa. Ez da kasualitatea % 16 igo izana matrikulatutako ikasleen kopurua.

J. A: Bestalde, enpresa askok lan indar oso merkea edo doakoa lortzen dute Lanbide Heziketari esker. Zentzu horretan ulertu behar da Lanbide Heziketa Duala derrigorrezko bilakatzeko neurria eta horretan egindako inbertsioa. Are gehiago, Lanbide Heziketaren pribatizazioaren bidez, enpresek zein kooperatibek zuzenean esku hartzen dute hezkuntzan, eta hitzarmen horientzako erraztasun legalak ezartzea ahalbidetuko du lege berriak. Ikaslanen edota Goierri eskolaren adibideetara jo genezake, enpresetara lotzen baitira eskulan merkea edo doakoa eskaintzeko finantziazioaren truke. Oro har, industria sektorean gertatzen da hori; hain justu, errentagarriena den sektorean.

Funtsean, ikasteko eskaintza zabalduko dute Modernizazio Plana deitu diotenaren bidez, lan espezializazioa bilatzeko asmoarekin. Geroz eta gazte gehiago nahi dituzte geroz eta jakintza tekniko handiagoarekin, koiunturazko beharrak eta lan premiak asetzeko gaitasuna izateko.

Unibertsitateei dagokienez, LOSUren aurreproiektua onartu zuten 2021. urtearen amaieran. Zeintzuk dira lege horren oinarri nagusiak?

J. A: Esan beharra dago oraindik ez dagoela zehaztuta LOSUren behin betiko izaera, ez baitago erabat onartuta. Gainera, Espainiako Gobernuko ministroa aldatu denez, oraindik eta gehiago atzeratuko da prozesua. Hala ere, ministro aldaketak ez ditu legearen oinarriak ezbaian jarriko, arazoa ez dagoelako politiko baten edo bestearen artean; unibertsitate eta gizarte eredua bera da arazoa. Ildo horretan, uste dugu Bolonia prozesua deiturikoak ezarri zituen oinarri akademiko eta ekonomikoetan sakonduko duela LOSUk; izan ere, kreditu sistema, ebaluazio jarraiak eta ez-jarraiak, finantziazio pribatuaren gorakada zein ikerketaren pribatizazioa izango dira oinarriak.

Bolonia prozesua eta gero, unibertsitatea, kontzeptu orokor gisa, fase berri batean sartu zen. Gure iritziz, eredu anglosaxoia Europara ekartzeko saiakera bat izan zen, eta horren jarraipena baino ez da LOSU. Ezaguna da Castells ministro ohiak 3+2 deiturikoa bezalako proiektuak ezartzeko zuen irrika, nolabait, unibertsitatea geroz eta espazio pribilegiatuagoa bilakatzeko. Beraz, unibertsitatearen masa ereduaren dekonstrukzioaren legea izan daiteke orain esku artean dutena.

Orokorrean, dirua ez duenak eskubiderik ez duenez, ikasteko eskubidea ere galtzen du. Horregatik, ikastea ere luxu bilakatu daiteke, eta hortaz, ekoizpen nahiz trebezia intelektuala, aberatsen ezaugarri. Dena den, graduala da elitizazio prozesua, unibertsitatea ez baita egun batetik bestera hustuko. Baina adierazgarria da, adibidez, nola egin duen gora unibertsitatean sartu ahal izateko gutxieneko notak, hamar gradutik zazpitan igo da-eta.

Laburbilduz, zer aldatuko du legeak? Zirriborroa irakurtzen badugu, hitz politez apaindutako proposamen bat ikusiko dugu; gizartearen beharretara egokituko den unibertsitatea duela helburu, berdintasunaren aldekoa izango dena, ideia aurrerakoiak sustatuko dituena, eta abar. Badakigu, ordea, zer esan nahi duen horrek: burgesiaren behar ekonomikoen menpe egongo da unibertsitatea, mugimendu emantzipatzaileak zigortuak izango dira, eta ideologia burgesa ez den oro, alboratua.

Neurri gehiago ere atera dituzte mahaira unibertsitateei dagokienez. Unibertsitateko Bizikidetza Legea, esaterako, oraintsu ezarri dute Espainiako Estatuan, eta errepresio politikoan sakontzeko neurri berri bat dela azaldu izan duzue.

J. A: Berez frankismo garaitik biziraun zuen Diziplinamendu Legea abolitzera dator Bizikidetza Legea, eta azkenaldian errepikatzen ari den joera bat azpimarratu nahi dugu horren harira. Gaur egungo Espainiako Gobernuaren itxura progresistak lege eta neurri erreakzionarioenak ere zuritzea lortzen du: pandemiaren aitzakiapean hartu diren neurri autoritarioekin ikusi dugu, lan erreformarekin... Berdin gertatzen da Bizikidetza Legearekin, izatez, aurreko legea baino are gogorragoa baita. Besteak beste, jardun politikoa eta militantzia politikoa zuzenean zigortzen ditu espediente akademikoen bidez, baita grebak nahiz piketeak kriminalizatu ere.

Horrek guztiak, gure ustez, eragile instituzional-burgesei soilik ematen die politika egiteko eskubidea, eta gainontzekoon eskubidea legez kanpo uzten du.

Eta zein da EAEko hezkuntza legearen inguruan egiten duzuen balorazioa?

E. C: Aipatutako erreforma prozesuaren testuinguruan kokatzen dugu EAEko hezkuntza legea ere; 30 urte eta gero, hezkuntzaren modernizazioa finkatzeko lege gisara, hain zuzen ere. Lege horrek ez du eskolek dituzten erroko arazoak konpontzeko asmorik; esaterako, kalitatearen gainbehera edota segregazioa, kontuan hartuta EAE dela Europako lurralde segregatzaileenetako bat. Funtsean, zenbait aurpegi garbitzeko proiektu bat da legea, ez baitu ia ezer aldatu azkenengo legetik, ezpada egoera okerragotuko duela.

Elementu kezkagarriak ditu, halaber, hezkuntza legeak. Enpresa-egituren analogiak izango dira eskolak, eta are botere handiagoa emango zaie ikastetxeetako zuzendaritzei, inolako kontrol demokratikorik gabe erabaki ditzaten eskola barruko nondik norakoak. Zuzendaritzaren eta enpresaburuaren rolak berdinak izango dira.

Ustez aurrerakoia den ideia baten pean saltzen dute hori guztia; deszentralizazioaren ideiaren pean, alegia. Gure ustez, oso arriskutsua da nahierara jokatzeko joera duten zuzendaritzei botere-autonomia ematea, jakin badakigu-eta zuzendaritza batzuek nola jokatzen duten gustuko ez dituzten gauzen aurrean; esaterako, ikasleen greben, etenaldien eta, orokorrean, jardun politikoaren aurrean. Egungo hezkuntza ereduan, deszentralizazioaren defentsa egiteak autoritarismoaren legitimazioa ekar dezake.

Eskuin zein ezker, neurri horiek ezartzen laguntzen ari dira politikari profesionalak. Esate baterako, lege horiek aurrera ateratzea ahalbidetu du EH Bilduk ere, Lanbide Heziketarako Legearen alde bozkatuz, eta LOMLOE eta Unibertsitateetako Bizikidetza Legearen inguruko eztabaidan abstenituz. Zer dago jokabide horren atzean?

J. A: Adostasun instituzionala dago hezkuntza erreformei dagokienez, azken buruan, burgesiaren alderdiak baitira den-denak. Interes partikular ezberdinak ordezkatzen badituzte ere, auzi substantzial eta organikoetan ados jartzen dira burgesiaren alderdiak. Testuinguru politiko honetan errepikatzen den eredua da; burgesiaren alderdia versus proletariotza.

Are gehiago, zein arrazoi dago LOMCEren kontra egin ziren mobilizazio jendetsuak ez egiteko LOMLOEren aurka, eta horietara ez deitzeko? Argi dago, posizio antagonistak ordezka zitzaketen alderdiak erabat desagertu dira, edo, bestela esanda, dinamika instituzional burgesean txertatu dira. Eta berdin hainbat sindikaturekin eta eragile sozialekin.

Hala ere, joko instituzionaletik harago, uste dugu garrantzitsua dela erdigunean ondokoa jartzea: lege horien balio praktikoa ezdeusa da eta erreformek, bere horretan, ez dute gaitasun errealik aldaketa positiboak lortzeko. Horrenbestez, bi premisa kontuan hartu behar ditugu. Batetik, ez dago egiturazko aldaketa posiblerik marko kapitalistaren barruan, harreman sozial kapitalistek menderatzen baitute hezkuntza. Bestetik, beharrezkoa da hezkuntza sistema sozialistaren alde indarrak metatzea eta hezkuntza burgesaren aurrean alternatiba bat posible dela gizarteratzea. Eta gizarteratzeak esan nahi du, hain zuzen, gehiengoak erreal gisa ikustea bestelako modu batean ikasi eta bizi daitekeela; gizakiaren ahalmenak garatzeko espazioa izan daitekeela hezkuntza, eta ez gutxi batzuen diru-iturriak bermatzeko aparatu bat.

EZ DAGO IRUZKINIK