AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2021/03/21 12:58

Errefuxiatu politikoa da Asier Guridi oñatiarra, eta haren etxetik 7.414 kilometrora bizi da duela bi hamarkadatik; hain zuzen, Venezuelan. 2013an atxilotu zuen han Interpolek, eta kartzelaratu egin zuten. Bi hilabetera, baina, aske geratu zen. Hala ere, ez zioten errefuxiatu politiko izaera aitortu, eta asilo politikoa baztertzera behartu zutela salatu izan du. Ordutik herrigabe egoeran dago Guridi: ez dauka nortasun agiririk ez eta pasaporterik, horrek dituen ondorioekin. "Babesik gabe, bermerik gabe eta nortasunik gabe" dagoela azaldu du, hortaz.

Juanjo Basterrak Asier Guridiri egindako elkarrizketa irakurtzeko, sartu hemen

Bost urtez preso

Guardia Zibilak 1992an atxilotu zuen Guridi Oñatin (Gipuzkoa), haren etxetik gertu. Antiguoko (Donostia, Gipuzkoa) kuartelera eraman zuten, eta torturatua izan ostean deklaratu zuen Madrilen, Espainiako Auzitegi Nazionalean. Hainbat sabotaje ekintzatan parte hartzea leporatu zioten oñatiarrari, eta hura espetxeratzea agindu zuen Baltasar Garzon epaileak. Bost urte egin zituen preso, nagusiki, Alcala-Mecon, Alcazar de San Juanen eta Ceutako kartzelan.

1997an irten zen aske, baina hainbat baldintza betetzekotan; hala nola, astero sinatu behar izatea Oñatiko Bake Epaitegian. Orduan ere Guardia Zibilak etengabe zelatatzen zuela salatu izan du Guridik.

Izatez hamar urteko espetxe zigorra ezarri zioten Espainiako Estatuan, baina oñatiarrak helegitea aurkeztu zuen Auzitegi Gorenean. Kartzelatik irten zenean, Auzitegi Gorenaren ebazpenaren zain geratu zen, eta horren ostean heldu beharko luke Konstituzio Auzitegiaren ebazpenak ere. Hala ere, prozesu horien zain zegoela erabaki zuen Guridik erbestera alde egitea, 2001ean, besteak beste, jasaten ari zen jazarpena eta Euskal Herrian bizitzen ari zen egoera politikoa zirela-eta.

Euroagindua martxan

Une honetan Guridik ez dauka auzirik irekita Espainiako Estatuan. Dena den, Frantziako Estatuak badauka hura atxilotzeko euroagindu bat igorrita 2009tik. Errefuxiatu politikoari ez diote euroagindu horren inguruko informazio ofizialik helarazi, baina antza, bi urteko kartzela zigorra ezarri zioten Frantziako Estatuan 2007an, eta horrekin lotuta egongo litzateke.

EZ DAGO IRUZKINIK