AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2026/01/23 13:09

Herreran 200 pertsona baino gehiago daude berehala etxegabetuak izateko arriskuan, Donostiako (Gipuzkoa) Etxebizitza Sindikatu Sozialistak salatu duen modura. Zardoyako eremuen jabe legalek hala eskatuta, bertako eraikinak bota ditzatela agindu du Donostiako Udalak (EAJ), eta urtarrilaren 26an hustu nahi dute pabiloi horietako bat. Sindikatuak jakinarazi duenez, ordea, gaur egun 200 lagunetik gora bizi dira bertan, bestelako etxebizitza-alternatibarik gabe. "Beste aukerarik gabe geratu ondoren abandonatutako eraikinetan babesa aurkitu zuten pertsonak dira; eta haiei beste hainbat dozenaka batu zitzaizkien Martuteneko eskola zaharraren desalojoaren ondoren, han 111 pertsona bizi baitziren".

Donostialdean aurrez izan diren beste desalojo batzuetan gertatu den bezala, Herrerako etxegabetzea bertan bizi diren pertsonen aurkako "kriminalizazioak, polizia-indarkeriak, alternatiba faltak eta pertsona horiek beste nonbait babesa aurkitzeko bilaketa etsiak" marka dezaketela ohartarazi dute sindikatutik. Izan ere, hor dago Martuteneko Agustindarren eskolaren desalojoa aurrekari modura: polizia-dispositibo erraldoi batekin hustu zuten eraikina abenduaren 4an, kaltetuentzako alternatibarik gabe. Euskal Herriko beste kasu batzuk ere ekarri dituzte gogora, hala nola, Zorrotzaurreko (Bilbo, Bizkaia) desalojo masiboak eta Tolosako (Gipuzkoa) Arkaute etxeko kanporaketak.

Sindikatuko kideek aurreratu dutenez, salaketa-kanpaina bati ekingo diote Altza auzoan, "marko erreakzionarioa inposatu dadila saihesteko eta elkartasuna zein etxebizitzarako eskubidearen aldarrikapena zabaltzeko" asmoz. Eta gaineratu dute: "Ez dugu onartuko alternatibarik gabeko makrodesalojo bortitz hauek normalizatzea eta, are, legitimatzea. Denontzat kalitatezko bizi-baldintzak bermatu daitezke, auzoak hobetu daitezke eta kaleratzeak behin betiko desagerrarazi daitezke".

Instituzioak eta mezu erreakzionarioak

Beste behin ere, erakundeen erantzukizuna seinalatu dute Etxebizitza Sindikatu Sozialistatik, baita horien politikak ere, "irabazi ekonomikoa langile-klasearen beharrizanen gainetik lehenesten" dutelako eta "baliabideak (finantzaketa, etxebizitzak, azpiegiturak…) beti irabaziaren arabera erabiltzen" direlako.

Eta, horrez gain, sindikatuak EAJri eta Donostiako alkate Jon Insaustiri leporatu die "segurtasunaren eta bizikidetzaren aitzakiapean etxebizitzaren arazoa desitxuratzen duen marko erreakzionarioa eurena egitea". Hala sakondu du: "Agenda erreakzionarioak kriminalizazio-makineria aktibatzea besterik ez du egin behar, desberdintasun sozialeko arazo bat […] segurtasun-arazo bihurtzeko, langile-klaseko sektore pobretuen artean konfrontazioa elikatuz eta instituzio-indarkeria normalizatuz [...]. Altza bezalako auzoen abandonuaren arduradunek, orain, pertsona horien desalojoa erabili nahi dute auzo langileei zerbait eskaintzeko dutelako irudia emateko". 

EZ DAGO IRUZKINIK