AKTUALITATEA / Jazarpen politikoa
Hernanin Mugimendu Sozialistak txosna bat izateko eskubidearen alde, sinadura bilketa martxan
Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistako kideak otsailaren 11ra arte arituko dira sinadurak biltzen, Mugimendu Sozialistari Hernanin jarritako beto politikoaren kontra eta txosna bat izateko eskubidearen alde. Hernaniko Txosna Batzordeak ezarritako beto politikoari aurre egiteagatik eta txosna bat jartzeagatik, udalak 3.000 eurotik gorako isun bat eman dio Mugimendu Sozialistari.
2023eko urtarrilaren 30
Hernanin Mugimendu Sozialistak txosna bat izateko eskubidearen alde, sinadura bilketa martxan

Hernaniko Udalak (EH Bildu) 3.168 euroko isun bat ezarri dio Mugimendu Sozialistari, iazko San Joan festetan txosna bat jartzeagatik. Txosna Batzordeak beto politiko bat jarri zion Mugimendu Sozialistari, ohiko txosnagunean txosna bat izatea debekatuta. Debeku horri aurre egin eta txosnagune horretatik kanpo jarri zuen txosna bat Mugimendu Sozialistak, baina udalaren zigorra etorri zen aurrerago: isun bat, espazioaren pribatizazioari kontra egiteagatik eta, gainontzeko eragileen modura, jaietan txosna bat izateagatik.

Udalari zigor ekonomikoa kentzeko exijitu eta, Mugimendu Sozialistak ere txosna bat izateko eskubidearen alde, sinadura bilketa bat jarri zuen martxan Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak iazko abenduaren amaieran. Mugimendu Sozialistari jarritako beto politikoaren kontrako ekimenei berriz heldu diete orain Kontseilu Sozialistako kideek, eta berriz abiatu dute sinadurak biltzeko kanpaina. Egun hauetan zehar, Hernaniko zenbait puntutan jarriko dituzte sinadurak biltzeko postuak, eta babesa online emateko aukera ere ireki dute.

Bestalde, iragarri dute zigor ekonomikoari aurre egiteko jaialdi bat antolatu dutela otsailerako. Otsailaren 11n izango da jaialdia, baina oraindik ez dute xehetasunik eman.