AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2022/12/26 21:28

Gaur iluntzean 200 lagun inguru bildu dira Hernaniko (Gipuzkoa) Gudarien plazan, Mugimendu Sozialistaren aurka errepresiorik ez! lelopean. Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak egin du mobilizazio deialdia, Hernanin jasandako errepresio eta jazarpen politikoa salatzeko. Izan ere, Hernaniko Udalak, EH Bildu buru duela eta alkateak aginduta, 3.168 euroko isun bat ezarri berri dio Mugimendu Sozialistari, San Joan jaietan txosna bat jartzeagatik.

Kontseilu Sozialistako kideek aurreko astean gogorarazi zutenez, Hernaniko Udalak eta Txosna Batzordeak beto politikoa jarri diote Mugimendu Sozialistari aurtengo sanjoanetan, gainontzeko eragileen modura jaietan txosna bat jartzea debekatuta. Hala ere, Txosna Batzordeak kudeatutako eremutik kanpo txosna bat jartzea erabaki zuen Mugimendu Sozialistak, txosna jartzeko eskubidea aldarrikatuta, eta" espazio publikoa erabiltzeko eskubidearen zein txosnaren bidez gure jarduna finantzatzeko beharraren defentsan".

Espazio publikoaren pribatizaziorik ez! izan da gaurko elkarretaratzean ikusi den lelo nagusietako bat. "EH Bildu administrazio publikoaren baliabideak gazteria komunistaren aurka egiteko erabiltzen ari da. Historikoki Euskal Herrian alderdi eskuindarrek egin izan duten bezalaxe, defendatzen dugun posizio politikoa dela-eta Mugimendu Sozialista zokoratzen eta itotzen saiatzen ari da EH Bildu. Horren isla da bai espazio publikoa erabiltzeko baimenak ukatzea, bai isunen bidez zigortzea, bai gainerako eragileei txosna jartzeagatik kobratzen ez dizkien tasak eskatzea. Beto zein bazterketa politikoa deitzen zaio horri", salatu du Buruntzaldeko Kontseilu Sozialistak. "Ez da harritu beharko gintuen ezer, EH Bildu Espainiako Estatuko erregimen burgesean kokatu den alderdi bat baita. Hori dela-eta adierazpen politiko iraultzaileak itzalarazteko ardura dauka", gehitu du.

Exijentziak EH Bilduri

"Euskal Herriko edozein jaietan txosnak jartzeko dugun [Mugimendu Sozialistak] eskubidearen defentsa" egin du berriz Kontseilu Sozialistak. Hala, EH Bilduk jarritako zigor ekonomikoaren eta Hernanin aurten ezarritako beto politikoaren harira, bi exijentzia egin dituzte Kontseilu Sozialistako kideek: milaka euroko isuna atzera botatzea eta hurrengo urtean San Joan festetan txosna bat jartzeko eskubidea bermatuta izatea Mugimendu Sozialistak.

EZ DAGO IRUZKINIK