AKTUALITATEA / Soldata sistema
Hego Euskal Herrian maiatzean egindako kontratuen %92,4 aldi baterakoak izan dira
Langabeziak behera egin du azken hilabetean, dirudienez, lan-baldintza kaxkarren kontura. 7.549 langabe gutxiago dauden arren, behin-behinekotasunak indarrean dirau soldatapeko erregimenean. Emakumezkoak dira gehienak langabeen artean, eta askok ez dute inolako langabezia-prestaziorik jasotzen.
2021eko ekainaren 2
Hego Euskal Herrian maiatzean egindako kontratuen %92,4 aldi baterakoak izan dira

Maiatzean 7.549 pertsona gutxiago daude langabezian Hego Euskal Herrian, Espainiako Estatuko Enplegu Zerbitzu Publikoak argitaratutako langabeziari buruzko azken datuek adierazten dutenez. Hori bai, ia kontratazio denak aldi baterakoak izan dira; %92,45, hain zuzen ere.

Datuen arabera, emakumeen laneratzea bereziki motela da, izan ere, langabeen %56,6 emakumeak dira; aurreko hilabeteetakoa baino ehuneko altuagoa da hori.

Europaren gainetik

Europako joerei so, Hego Euskal Herriko langabezia-tasak batez besteko orokorraren gainetik jarraitzen du. %12,2koa da langabezia-tasa Hego Euskal Herrian, eta Europar Batasuneko batez bestekoa, aldiz, % 7,3koa da.

Diru-laguntzarik gabe

Inolako diru-laguntzarik jasotzen ez duten beharginen ehunekoa %55,4ra igo zen apirilean. Halaber, gutxienez 93.484 pertsona daude inolako diru-sarrera egonkorrik gabe. Hori gutxi balitz, langabeen %25,3k baino ez du jaso kontribuzio-mailako langabezia-prestazioa.