Haurreskolak partzuergoko langileek ikasturte osoa daramate mobilizatzen, funtsean, orain arteko lan-hitzarmena betetzea eta hainbat baldintza barne hartuko dituen lan-hitzarmen berri bat izatea aldarrikatzeko; baita "Haurreskolen doakotasuna, Hezkuntza Sailean integratzea, langileak egonkortzea eta aurrekontuak handitzea" ere. Hala, 2020 amaieran egin zuten greba langileek eta, "gehiegizko" gutxieneko zerbitzuak ezarri zizkieten arren, %70ek hartu zuten parte.
Aurtengo mobilizazioei dagokienez, osotara bost greba egun deitu dituzte 2021ean. Urtarrileko lanuzteetan ere beharginen %70 inguru batu ziren eta, gutxieneko zerbitzuen ezarpenaren bidez, beharginen greba eskubidea urratua izan zela salatu zuten sindikatuek.
Hilabete honetan ere joko dute grebara, hain zuzen, otsailaren 22an, 23an eta 24an.
Ziurgabetasuna nagusi
Abenduko greben ondoren, Eusko Jaurlaritzak bilera batera deitu zituen langileak, eta Hezkuntza Saileko hainbat ordezkarik ere hartu zuten parte batzarrean. Negoziazioa baino, helburua "langileen aurreakordioa aldebakarrez berrikustea" zela salatu zuten langileek.
Izan ere, haien esanetan, negoziaziorako aukerak deuseztatu zituen Jaurlaritzak, bileraren gai-ordena inposatu eta beharginek aldarrikatutako puntuei entzungor egin baitzien. Ondorioz, langileek "zalantza eta kezka gehiagorekin eta larriagoekin" amaitu zuten bilera, "gerentziaren" erantzun ezak langileen "etorkizuna kolokan jartzen duela" iritzita.
Aldarrikapen nagusiak
Lan-hitzarmena konplitzea nahiz ordezkapenak betetzea dira, besteak beste, langileen eskakizunak eta, oro har, lan-baldintzek okerrera egin dutela salatzen dute. Horietaz gain, sei dira hurrengo greban egingo dituzten eskakizunak: