Aurten, Euskal Herriko sei campusetan lur hartuko du Herri Unibertsitateak, eta atzo hasi ziren egitarau gehienak: Euskal Herriko Unibertsitateko (EHU/UPV) Bilboko (Bizkaia), Gasteizko (Araba), Ibaetako (Donostia, Gipuzkoa) eta Leioako (Bizkaia) campusetan atzo abiatu zituzten Herri Unibertsitateak. Hainbat egun iraungo dute, eta Eibarren (Gipuzkoa) eta Nafarroako Unibertsitate Publikoan (NUP) ere gaur hasiko da aurtengo edizioa.
Egitarau zabalak prestatu dituzte sei campusetan, eta, beti bezala, hitzaldiak eta mahai-inguruak daude erdigunean. Atzoko egunean hamaika auzi landu zituzten tokian toki: Leioako campusean Europar Batasunaren berrarmatzeaz, sexu-industriaz nahiz arte sozialistaz aritu ziren hitzaldietan; Ibaetan krisi ekologikoaz, ikasle-mugimenduaz zein software libreez hausnartu zuten; Gasteizen, emakume langileek gorakada erreakzionarioaren aurka duten zeregina eta elikadura-jokabidearen nahasmenduak landu zituzten besteren artean; eta, Bilbon, hezkuntzan matxismoari aurre egiteko beharraz eta Palestinako egoeraz egin zuten gogoeta.
Hitzaldi indartsu horiez gain, aisialdiko eskaintza zabala izan zen campus horietan guztietan arratsaldez: kirol-txapelketak eta grafiti nahiz kopiaketa tailerrak Gasteizen; autodefentsa eta joskintza tailerrak Leioan; argazki erakusketa bat eta zineforuma Bilbon; eta bazkariak nahiz kontzertuak izan ziren. Gauean, unibertsitatean itxialdiak egin zituzten ikasleek.
Egitarau zabalak gaur ere
Iruñean eta Eibarren, esan bezala, gaur hasiko da Herri Unibertsitatea: hitzaldietan emakume langileen fronteak langile-mugimenduan historikoki izandako eginkizunez, kirolaren negozioaz eta energia berriztagarriez jardungo dute, esaterako. Gainerako lau campusetan ere goizetik jarraituko dute egitarauekin, eta hainbat auzi landuko dituzte lekuan leku: trumpismoa eta eskuineko populismoa nahiz osasungintza Leioan; adimenaren merkantilizazioa, arkitektura kapitalista zein industria kulturala eta musika Ibaetan; gaur egungo lerrokatze geopolitikoa, zibersegurtasuna eta etxebizitzaren aldeko borroka Gasteizen; eta ekonomiako graduen gainbehera eta zuzenbidearen filosofiatik ekonomia politikoaren kritikarako garapena Bilbon.