Ekainean jakinarazi zuen Ikasle Abertzaleakek udan izango zela aurtengo Eskola Ibiltaria; uztailaren 20tik 22ra bitartean, hain zuzen. Hala, atzo hasi zen ikasleen urteroko hitzordua, Debagoienean: Eskoriatza (Gipuzkoa), Aretxabaleta (Gipuzkoa) eta Aramaio (Gipuzkoa) zeharkatuko ditu oraingo Eskola Ibiltariak.
Ikasleak atzo arratsaldean hurbildu ziren Eskoriatzara, hiru eguneko egitarauari hasiera emateko. Motxilak eta abarrak utzi ondoren, hainbat jakintza zehatz lantzeko tailerrak izan ziren iluntzera bitartean: soinua jartzeko tailerra, komunikazioari buruzko tailerra, graffiti tailerra, autodefentsa tailerra eta propagandari eta agitazioari buruzko tailerra.
Horren ondoren, elkarrekin afaldu zuten guztiek Eskoriatzako kiroldegian, eta Ekida Arte Ekimen Sozialistak girotu zuen gero gaua. Uda honetarako, Miseriaren adarrak bertso-saio berezia prestatu du Ekidak, eta horixe eraman zuten Eskola Ibiltarian sortutako plazara. BeƱat Astiz, Garazi Navarro, Aitor Tatiegi eta Danel Herrarte bertsolariak aritu ziren kantuan.
Gaur, Aretxabaletara
Ikasleak goizean goiz jaiki dira gaur indarrak hartzeko, eta kiroldegian egin dute gosaria. Aretxabaletarako bidea hartu dute gero, han jarraituko baitu egitarauak. Iturrigorri pilotalekuan bazkaldu eta gero, arratsaldean, Eskola Ibiltari honetako aurreneko hitzaldia izango da: Prozesu Sozialista eta ikasle langileon zeregina.
19:00etan, kontzertua eskainiko du Edu Zardoyak, Aretxabaletako plazan. Han izango da afaria iluntzean, eta, gauean, bigarren hitzaldi bat eskainiko dute: Begirada bat aurreko ziklo politikoari. Horrekin emango diote amaiera egunari, eta bihar Aramaion izango da azkeneko geralekua.
Jarraitu Eskola Ibiltaria GEDAR LANGILE KAZETAn
GEDAR LANGILE KAZETA Twitter kontuaren bidez ari da egiten Eskola Ibiltariaren zuzeneko jarraipena: