AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Diario Las Américas
2024/09/17 08:23

Alemaniako Gobernu sozialdemokratak hilabete honetan baieztatu du kontrolak areagotuko dituela lurreko muga guztietan, "immigrazio irregularra murriztea" eta "barne-segurtasuna hobetzea" aitzakia modura erabilita. Faxistek, besteak beste fD alderdi ultraeskuindarrak, presio handia egin diote gobernuari azken hilabeteetan, immigrazioaren eta pertsona migranteen kontrako neurriak har ditzan.

Horren guztiaren emaitza izango da, hain zuzen ere, are gogorrago bihurtzea Alemaniara migratu ahal izateko bideak. Polizia-kontrolak zorroztu dituzte, eta, gobernuaren esanetan, zuzenean ukatuko diete sarrera "agiri faltsuekin edota bisarik gabe" atzematen dituzten pertsona migranteei.

Neurria atzo, irailaren 16an, sartu zen indarrean. Armak eskuetan, Poliziak kontrol gehiago ezarri zituen lurreko mugetan, eta miaketak egin zituen garraio publikoan eta ibilgailu indibidualetan. Orain arte Suitzako, Austriako, Txekiar Errepublikako eta Poloniako mugak kontrolatu dituzte Alemaniako polizia-indarrek. Aurrerantzean, Belgikako, Danimarkako, Frantziako eta Herbehereetako mugetan ere izango dira kontrol-puntuak, atzotik hasita.

Gobernuak dio "malguak eta segurtasun eskakizunen araberakoak" izango direla kontrol berri horiek, eta gutxienez sei hilabetez egongo dela martxan neurria.

Jakina, adierazpen arrazista batzuen eskutik aplikatu ditu kontrol berriak gobernuak. "Alemania ez da bizilagun batzuekin fidatzen. Zoritxarrez, ezin dugu pentsatu gure bizilagun guztiak guk nahi bezala arituko direnik", esan zuen Olaf Scholz kantziler sozialdemokratak aurreko larunbatean, pertsona migranteak seinalatuz eta kriminalizatuz.

EZ DAGO IRUZKINIK