Greba mugagabea amaitutzat eman dute Laudioko (Araba) Aiala Vidrio enpresako langileek, izan ere, zuzendaritzak hamahiru langile ez kanporatzea lortu dute. Atzo ekin zioten grebari, enpresak hartu nahi zituen neurrien berri izan baitzuten: lantegiko bidalketen eta barne-garraioaren zerbitzua azpikontratatu nahi zuen zuzendaritzak, Adecco Oursourcing konpainiaren esku uzteko. Horrek zuzenean ekarriko luke Aiala Vidrion jarduten duten hamahiru behargin kaleratzea eta Adeccoren bidez azpikontratatzea, lan berdina egiten jarraitu arren.
Lanuztearen bidez, enpresako zuzendaritzarekin akordio bat adostea lortu du plantillak: enpresaburuek ez dituzte hamahiru langileak kanpora atera eta Adeccoren esku utziko. Dena den, akordioaren barruan, fabrikaren parte den atal bat desagerrarazi eta azpikontratatuko du zuzendaritzak; espedizio atala hain zuzen ere. Aiala Vidrioko hiru langile aritzen dira bertan gaur egun, baina, oraingoz, beste ardura eta lan batzuk emango dizkiete fabrikan. Haien orain arteko zereginak, espedizio atalari lotutakoak hain justu, kanpoko beste enpresa batek hartuko ditu bere gain.