AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EFE/elDiario.es-en bidez
2025/07/07 15:26

Gaur bete dira hamazazpi urte Nagore Laffageren erailketa matxistatik. Diego Yllanes izeneko gizon batek 2008an hil zuen Irungo (Gipuzkoa) gaztea, Iruñeko (Nafarroa) sanferminetan. Jai-giroan aurkitu zuten elkar biek, eta Diegoren etxe ingurura mugitu ondoren, Nagore bortxatzen saiatu zen gizona. Erresistentzia egin zuen berak, eta kolpeka erantzun zuen Diegok: Nagore modu izugarrian jipoitu zuen, autopsian gero ikusi zenez, masailezurra hautsiz eta garezurrean hausturak eraginez. Azkenean, itota erail zuen. 20 urte baino ez zituen.

Iruñeko Klinika Unibertsitarioan ezagutu zuten elkar: Nagore bertan ari zen erizaintzako praktikak egiten, eta Diego, berriz, psikiatriako ikasketak egiten ari zen.

Nagore erail eta zenbait ordura, Diegok lagun bati aitortu zion egindakoa, eta gorpua ezkutatzeko laguntza eskatu zion. Lagun horrek, baina, abisua eman zien polizia-indarrei. Bitarte horretan, Nagoreren gorpua zatikatzen saiatu zen hiltzailea, eta Orondritzera (Nafarroa) eraman zuen. Bere gauzak eraman eta pisua garbitu zuen gainera, arrastorik ez uzteko. Hala ere, lortu zuten biktimaren gorpuzkiak eta erailketa Diegori leporatzeko aztarnak aurkitzea.

Yllanesi hamabi urte eta erdiko espetxe-zigorra ezarri zioten, erailketa beharrean, homizidioa leporatuta. Dena den, 2017an lortu zuen hirugarren graduan sartzea, eta zentro pribatu batean aritzen da psikiatra gisa. Azken berrien arabera, lo egitera baino ez da kartzelara itzultzen dagoeneko.

EZ DAGO IRUZKINIK