AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / France 24
2024/10/18 08:09

Israelgo Estatu terroristak joan den uztailean erail zuen Hamaseko burua, Ismail Haniyeh, Irango hiriburuan. Horren ostean hartu omen zuen taldearen gidaritza Yayah Sinwarrek. Sionistek, baina, atzo esan zuten Sinwar ere hil dutela, Gazako Zerrendan: antza denez, miliziano palestinarren eta militar sionisten borroka batzuk izaten ari ziren Rafahn, eta artilleriako jaurtigai batekin jo zuten Sinwar, asteazkenean. Hamasek ez du oraingoz heriotza baieztatu.

Armada sionistak, bere ohiko izu-mezuen barruan, ustez Sinwarrek bizirik emandako azken uneak argitaratu ditu: drone baten bidez jaso zituen hainbat irudi, eta, itxura denez, Hamaseko burua da lurrean zauriturik ageri dena eta makila bat jaurtita dronea botatzen saiatzen dena. Zenbait iturriren arabera, Sinwar izan zen 2023ko urriaren 7ko palestinarren altxamendua antolatu zuen buruetako bat.

"Hamasek ez du Gazan gobernatuko. [...] Hau aukera bat da zuek, Gazako biztanleok, euren tiraniatik askatzeko", adierazi du Benjamin Netanyahu lehen ministro sionistak, beste behin ere, palestinar erresistentziari legitimitatea kentzen saiatzen. Miliziano palestinarraren erailketa txalotu dute Mendebaldeko hainbat gobernuk eta NATOk.

Sinwarren ustezko heriotza dela-eta, Hezbollahk ohartarazi du "fase berri bat" hasi dela entitate sionistaren kontrako gerran. Irango agintaritzek, gainera, nabarmendu dute "indartu" egingo dela palestinarren "erresistentzia-espiritua".

Rafahn, bestalde, badirudi miliziano palestinarren tunel bat eraisten saiatu direla soldadu sionistak, baina kalte handiarekin: armada sionistak berak aitortu duenez, bost hildako eta gutxienez hogei zauritu izan dira. Antza, Al-Qassam brigadek leherrarazi dute tunela, sionisten operazioa izaten ari zenean.

Erresistentzia Libanon ere

Libanon ere gogor jarraitzen du borrokan erresistentziak. Hezbollahk hainbat eraso indartsu egin ditu berriki sionisten kontra: Haifan, aurreko asteburuan lortu zuen 70 soldadu inguru zauritzea eta lau hiltzea, eta sionistek okupatutako lurretara misil balistikoak botatzen segitzen du. Argitaratutako bideo batean, Hezbollahk esan du Haifa "Kiryat Shmona eta Metula bilakatuko" dituela, aditzera emanda kolono sionistek alde egin beharko dutela hiritik, etengabeko erasoen ondorioz.

Israelgo Estatuaren armadaren azken adierazpenen arabera, azken orduetan, bi ofizial militar eta hiru soldadu galdu ditu Libanon, bertako erresistentziaren kontrako borrokan. Zortzi soldadu sionista larriki zauritu ditu erresistentziak Libanon, eta bat Gazan.

Sionisten eraso terroristak Palestinan eta Libanon

Israelgo Estatuaren eraso terroristak aurrera doaz, bai Palestinan bai Libanon. Gazako Zerrendan, gutxienez 28 pertsona erail ditu Jabaliako eskola baten kontra egindako azken bonbardaketetan (Jabaliako kanpalekuan, ia bi aste daramatzate elikagairik edota sendagairik gabe); Deir Al-Balahen, hainbat errefuxiatuk erabiltzen zuten kanpin-dendari eraso eta hiru palestinar hil ditu; Al-Bureijen beste errefuxiatu-kanpaleku bati eraso dio, eta abar.

Bitartean, palestinarren kontrako ebakuazio-agindu masiboa mantentzen du Gazako Zerrenda iparraldean, garbiketa etnikoa helburu duen Jeneralen Planaren barruan. Iparralde osoa hartzen dute sionistek egindako huste-aginduek, mehatxu gogor baten pean: "Bertan geratzen dena terrorista gisa kondenatuko da legez, edota gose- edo hondamen-prozesu bat ezarriko zaio". Elikagaiak edota medikamentuak zonaldera sartzea debekatzen ari dira sionistak, Beit Lahiako alkatearen esanetan, adibidez.

2023ko urriaren 7tik hona, sionistek 42.000 palestinar baino gehiago erail dituzte Gazako Zerrendan, datu ofizialen arabera. Libanon egindako azken erasoetan, berriz, ia 2.400 pertsona hil dituzte, eta gutxienez 11.000 dira zaurituak. Israelgo Estatuak duela hilabete ekin zien operazio militar masiboei Libanon eta urriaren 1ean sartu zen bertara lurretik, baina urte osoan zehar egin ditu libanoarren kontrako erasoak. Aipatutako azken datu horiek, hala, urte osoari dagozkionak dira.

NBEren kontrako erasoak, nazioartearen pasibotasunarekin

Israelgo Estatuak, bestalde, Nazio Batuen Erakundearen (NBE) Libano hegoaldeko "misioari" (UNIFIL, ingelesez) eraso egiten jarraitzen du. Urriaren 9an izan zen lehenengo erasoa, soldadu sionistek NBEren posizio baten kontra jo zutenean Labounehn: tiro egin, ibilgailuak kaltetu eta kamerak itzali zituzten, besteak beste. Urriaren 13an izan zen erasorik larriena, hala ere: sionisten bi tanke sartu ziren "kasko urdinen" Ramyako posizio batera.

Badirudi helburu argi batzuk dituela Israelek: NBEren tropek ez esku hartzea eta "kasko urdinek" libanoarren ebakuazio-masiboa ez oztopatzea, eta sionistak egiten ari diren sarraskia inork ez dokumentatzea.

EZ DAGO IRUZKINIK