Ingurumenari buruzko araudien eta baimenen menpe dauden hamasei konpainiatan urraketak topatu ditu Eusko Jaurlaritzako Ingurumen Sailak: araudien betetze-maila "baxua" edo "erdi-baxua" da horietan, Industria, Trantsizio Energetiko eta Jasangarritasun sailburu Mikel Jauregik Eusko Legebiltzarrean azaldu duenez. ElDiario.es-ek jasotako informazioen arabera, arau-hausteak egin dituzte ondoko enpresetan: Cespa, Garbiker, Smurfit Westrock Nervión, Sertego, Getxoko (Bizkaia) udal-hondakindegia, Agotzaina, Química Europea de Resinas, Arenacasting, Arbaraitz, Guivisa, Sidenor Aceros Especiales, Sutra Coating, Castmetal Vitoria, Recubrimientos Ireki, Pretensados del Norte, eta Olazabal y Huarte.
Zallako (Bizkaia) hondakindegia kudeatzen du Cespa enpresak (gaur egun Prezero izena daramana), eta gobernuak berak helarazitako eskakizun batean jasotzen denez, bertan ez dituzte "onartutako hondakin guztiak" behar bezala ezaugarritzen, eta 10.000 metro karratuko azalera bat dago behar bezala estali gabe. Getxoko Udalaren zabortegian, hamasei arau-hauste aurkitu ditu Ingurumen Sailak: lixibiatuen putzua "gaizki mantentzen" dutela eta konpostaje-plantan sortutako lixibiatuak ez dituztela "kutxatila itsuan jasotzen" seinalatu du, besteak beste. %100 publikoa den eta Bizkaiko Aldundiaren mendekoa den Garbiker enpresari, bestalde, gehienezko edukierak "gainditzea", "mantentze eskasa" eta usainari lotutako arazoak leporatu dizkio Jaurlaritzak.
Iurretan (Bizkaia) kokatutako Smurfit Westrock Nervión enpresari, baimendu gabeko "hondakin arriskutsu" bat biltegiratzea nahiz "hautsezko emisio-arriskua" izatea egotzi dio Ingurumen Sailak. Basauriri dagokionez, Guivisan, gorde gabeko hondakin "arriskutsuak" aurkitu dituzte eta gasolio-gordegailuko isurketa posibleak ez daude behar bezala bideratuta; eta Sidenorren, gainera, Jaurlaritzako bi txosten jaso zituzten iazko abenduan, hamabi urraketaren berri emanez: "emisio lausoak" kanporatzea, isuritako substantziek ezarritako mailak "nabarmen gainditzea", gehiegizko zink mailak, zarata... Trapagarango Recubrimientos Ireki konpainian (Cunext Group), hondakinak ez daude "behar bezala etiketatuta" eta ez dute "gasak arazteko sistemarik", beste txosten batean zehazten denez.
Arabari dagokionez, Araian, kontrako txosten bat jaso zuen iaz Sertego konpainiak (Urbaserren mendekoa da), hondakinak behar bezala ez sailkatzeagatik eta hondakin "arriskutsuak" edukitzeagatik. Oionen, hainbat neurri zuzentzaile hartu behar izan ditu Química Europea de Resinas enpresak, bentzeno, tolueno, estireno, xileno eta formaldehido mailak gainditzeagatik, antza. Legutioko Arenacasting konpainian (Metal Group), PH, hidrokarburo, amonio eta nitrogeno mailak gainditu dituzte hainbat momentutan, Ingurumen Sailak neurtu ahal izan duenez. Gasteizko Castmetalen (Safe Metal taldekoa), hondakinen erregistro desegokia edo zarata geratu dira agerian; Pretensados del Norten ere zarata maila problematizatu du gobernuak; eta, Olazabal y Huarte galdategian, estali gabeko hondakin metalikoak eta hautsez betetako materiala topatu zituzten, lur naturalaren gainean zenbait kasutan. Horrez gain, Eginoko Arbaraitzen (hegazti-industrian jarduten du), hondakin arriskutsuak "nahasirik" eta gorde gabe daudela ondorioztatu du gobernuak, eta onartutako mailak gainditu dituztela hainbat substantziak (guztizko nitrogenoa, DQO5, DBO, fosforoa, olioak, koipeak...).
Gipuzkoan, Idiazabalen dagoen Agotzaina enpresak (hegazti-industria) ez zituen behar besteko neurriak hartu Ingurumen Sailaren eskakizunen aurrean, simaurra berreskuratzeko sistemari buruz esaterako. Eibarko Sutra Coatingsen, bestetik, gasak eta zikinkeria irensteko sistemen gabeziak nabarmentzen dira, baita nikel isurketak ere.