Hamarkada batez luzatu dira emakume batek Frantziako Nazan herrian jasandako sexu-erasoak. 2011tik 2020ra bitartean, gutxienez 50 gizonezkok bortxatu zuten andrea, antolatutako talde-eraso batzuetan. Hainbat iturriren arabera, 200 bortxaketa inguru izan ziren guztira, eta 72raino izan daitezke egiaz bortxatzaileak.
Emakumearen senarrak antolatu zituen eraso horiek, web-orri baten bitartez. Emaztea drogatzen zuen korderik gabe gera zedin, lo egiteko pilulak emanda. Orduan bertaratzen ziren gainerako bortxatzaile guztiak; bikoteak Nazanen zuen etxebizitzara, hain zuzen ere. Badirudi senarrak berak ere parte hartzen zuela gero talde-bortxaketetan, eta bideoan eta argazki bidez jasotzen zituela erasoak.
2021ean atxilotu zituzten bortxatzaileetako batzuk, baina, denera, 50 baino ezin izan dituzte ziurtasunez identifikatu. Azken egunetan ari dira epaiketa egiten, eta 20 urterainoko kartzela-zigorrak eskatzen dituzte erasotzaileentzat. Une honetan, haietatik hemezortzi baino ez daude espetxean.
Erasotua izan den emakumearen senarrak 71 urte ditu gaur egun. Zenbait iturriren arabera, erregistratu egin zuen zein gizonezko joan ziren euren etxera, emakumea bortxatzera: hamar urtez antolatu zituen bere emaztearen kontrako sexu-eraso sistematikoak.
Antza, kasualitatez atzeman zuten erasotzailea, supermerkatu batean hainbat emakumeri eraso egin zienean: euren gonaren azpitik bideoak grabatzen saiatu zen.