AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Argazkia: Valvospain Borrokan
2019/06/12 21:38

Amurrioko (Araba) Valvospain-Ituarte enpresako langileek hamar egun bete dituzte greban gaur, asteazkena. Duela bi urte, soldaten ordainketetan atzerapenak izaten hasi zirela azaldu dute: "Lehenengo bost eguneko atzerapenak izan ziren, gero hamar egunekoak, gero hamabost egunekoak eta abar". Azkenean, hilabetez "zintzilik" utzi zituen zuzendaritzak, hilabete baino gehiagoko atzerapenei bide emanez. 

Otsailetik hona, hilabetero, ordaindu gabeko bi soldata pilatu ditu behargin bakoitzak. Une honetan, apirileko eta maiatzeko soldaten zenbatekoa zor die enpresako zuzendaritzak. Dena den, langileek salatu dute "ekoizpenean eta antolaketan dituen arazoak" beraiei leporatu dizkiela enpresak. Mehatxuak ere jasan behar izan dituzte, esaterako, ez dutela kobratuko bezeroek egindako eskaerak prest ez badaude.

Kaleratzeak mahai gainean

Aiaraldeak jakinarazi duenez, astelehenean bildu ziren beharginak eta zuzendaritza. Hala, zuzendaritzak adierazi zien enpresa hartzekodunen lehiaketan dagoela pasa den ostiraletik, eta Enplegua Erregulatzeko Espediente bat martxan jarriko dutela ere iragarri zuten. 115 langile dia lantokian, eta EEE hori ezarriz gero, 61 langile kaleratuko lituzkete.

Bihar, osteguna, hartzekodunen lehiaketako kudeatzaileekin elkartuko dira langile batzordeko kideak, Aiaraldearen arabera.

Beharginek diote borrokan jarraituko dutela. Apirilaren 12an erabaki zuten mobilizazioekin hastea: "Arazoak irtenbide bakarra duela ikusten dugu; 115 beharginak eta gure etorkizuna errespetatuko dituen planteamendu bat". "Valvospaineko langileok argi dugu: hortz eta bihotz defendatuko ditugu gure lanpostuak", diote.