AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
Gaurko piketeak. Argazkia: @UnTuberoMas
2021/02/25 12:41

Tubacexen Amurrioko (Araba) eta Laudioko (Araba) plantetako langileek gaurkoa dute greba mugagabearen hamargarren eguna. Enpresako zuzendaritzak otsailaren 8an jakinarazi zuen 150 langile kaleratzeko asmoa duela. Bestalde, eskualde berdineko –Aiaraldea– Valvospain enpresak langile guztiak kaleratuko dituela ere iragarri du hilabete honetan, alegia, 79 behargin. 

Atzo ehunka lagun elkartu ziren Eusko Jaurlaritzako Industria Sailak Bilbon (Bizkaia) duen egoitzaren aurrean, Tubacexeko langile batzordeak deituta. Martxoaren 5ean, ordea, bi orduko lanuztea egingo dute eskualde osoko hainbat lantegitan, eta bi manifestazio egingo dituzte 11:30ean; Amurrioko plazatik hasita bata, eta Laudioko plazatik abiatuta bestea.

Egunero bezala, Tubacexeko langileek piketeak egin dituzte gaur goizean. Guardian eta Autoglas enpresetako langileak ere batu dira borrokara gaurkoan, piketeetan parte hartuz. 

Langileen kontrako errepresioa

Pasa den asteartean, otsailaren 23an, Laudioko lantegiaren aurrean pikete masiboa egin zuten ehunka lagunek, goizean goiz, zuzendaritzako kideak eta eskirolak barrura sartzea oztopatzeko. Errepidean eserialdia egin zuten beharginek, eta Ertzaintzaren kargak izan ziren; besteak beste, foam jaurtigailuak nahiz borrak erabiliz eraso zituzten protestan zeudenak. Hiru pertsona atxilotu eta hainbat zauritu zituzten poliziek, eta gainera, sei langile identifikatu zituzten. Antza, 600 euroko isunak jarriko dizkiete.

Arratsaldean ere fabrikaren aurrean zeuden langileen aurka oldartu zen Ertzaintza, foam jaurtigailuen eta borren bidez, beste behin ere. Pertsona bat eraman zuen atxilo.

Ertzaintzak asteartean zauritutako hainbat lagunen irudiak argitaratu ditu Aiaraldea.eus-ek.