AKTUALITATEA / Soldata sistema
Hainbat langile kaleratzeari ekin dio Sidenor Basaurik azpikontratatutako SSI enpresak
Servicios Siderurgicos Integralesek lan-erregulazio txosten bat aurkeztu zuen maiatzean, eta horren bidez, 26 behargin kanporatzeko asmoa agertu zuen. Langileek espedientea atzera bota bazuten ere, hainbatek aurreko asteburuan jaso zituzten kaleratze gutunak. Mobilizazioak hasiko dituzte bihar.
2020eko ekainaren 16
Hainbat langile kaleratzeari ekin dio Sidenor Basaurik azpikontratatutako SSI enpresak

Sidenor Basaurik azpikontratatutako Servicios Siderurgicos Integrales enpresak lan-erregulazio txosten bat aurkeztu zion langileen batzordeari maiatzaren 12an. Horren bidez, 26 behargin kaleratzeko asmoa erakutsi zuen. Enpresaren eta sindikatuen arteko bileren ostean, behin betiko proposamen bat osatu zuen zuzendaritzak, besteak beste, 17 langile kanporatzea barne biltzen zuena.

Maiatzaren 29an asanblada egin zuten langileek, eta botazio bidez, uko egin zieten kaleratzeei. Hala, atzera bota zuten lan-erregulazio espedientea. Dena den, LAB sindikatuak jakinarazi duenez, enpresak kaleratze gutunak igorri dizkie hainbat behargini.

Bihar, ekainak 17, mobilizazioei ekingo diete.