AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2024/07/17 13:14

COVID-19a aitzakiatzat hartuta agintaritzek inposatutako neurri autoritarioen testuinguruan, hamaika izan ziren Poliziak gazteen kontra egindako erasoak eta sortutako istiluak. Halaxe gertatu zen Azpeitian (Gipuzkoa) 2021eko maiatzaren 22an, gauez: Izarraizko Atean eta Ikasberriko aparkalekuan zeuden gazteen kontra jo zuen Ertzaintzak. Haiek jazarri eta jipoitu zituzten poliziek, eta atxilo eraman zituzten lau pertsona, modu arbitrarioan.

"Antolatuta zegoen dispositibo polizialak zein egun osoan zehar herrian egon zen presentzia polizialak argi uzten dute kargak eta atxiloketak aurrez erabakita zeudela, zigor eredugarri bat eman nahian", ohartarazi du Urola Erdiko Gazte Koordinadora Sozialistak (GKS).

Gazteen aurkako kondena

Liskar horren harira, hainbat gazte seinalatu eta auzipetu zituzten. Epaitegiek euren aurkako zigorraren berri eman dute jada, GKSk jakinarazi duenez: auzipetutako lagunetako bati hainbat hilabetetako kartzela-zigorrak ezarri dizkiote, baita milaka euroko isun bat ere. "Desordena publikoak" eragitea, "desobedientzia" eta agintaritzei "eraso egitea" leporatu diote.

Zorionez ez dute inor espetxeratuko, baina, "egoeraren larritasunaren aurrean", kondenatu dituzten gazteei "babes eta elkartasun osoa" adierazi dizkie GKSk, eta jasan duten "muntaia poliziala" salatu du.

Langileon diziplinamendua

GKSko kideek gogorarazi dutenez, "COVID-19aren bueltan sortu zen testuinguruan, langileon oinarrizko eskubideak erabat deuseztatu ziren, alderdi instituzional guztien onespenarekin". Agintaritzek ukatu zituzten eskubideen artean aipatu dituzte, esaterako, "mugikortasunerako, sozializaziorako edo adierazpen askatasuna bera".

"Langileon diziplinamendurako neurri horiek", hala nola, "presentzia poliziala eta kontrol sozialerako baliabideak areagotzea, zigor kodea gogortzea, eta abar", modu zehatz batean kokatu ditu GKSk: "maila internazionalean gertatzen ari den estatuen autoritarismoaren gorakadako logikaren baitan". Horiek guztiek, gainera, "gazte langileon kriminalizazioan eragiten" dutela uste du.

2021eko gertakarien ostean "Poliziaren jazarpena eta burgesiaren erasoaldia" salatu zituen Mugimendu Sozialistak, eta azken epaiaren kontra ere halaxe egin du, eskualdeko GKSk nabarmendu duenez: "Muntaia horrek gazte langileon diziplinamendua eta kriminalizazioa ditu jomuga, eta erasoen aurrean klase-elkartasunez erantzungo dugu".

EZ DAGO IRUZKINIK