AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / @HavryshkoMarta (X)
2025/02/04 08:31

Urtarrilaren 28an, Ukrainako polizia-indarrek sarekadak egin zituzten hainbat gazteren aurka, Ukrainako Langileen Fronteko (RFU) kide izatea egotzita. Talde marxista horrek egindako propaganda-lanak direla-eta, Zigor Kodearen 114-1 artikulua urratzea leporatzen diete gazteei, artikulu horrek "Indar Armatuen jarduera oztopatzea" zigortzen baitu. Marta Havryshkok eta Volodymir Ishtxenkok sare sozialetan eman dute atxiloketen berri, Ukrainako mobilizazio militarra zalantzan jartzen duen ororen aurkako jazarpen politikoa salatzeko.

Azken operazioari dagokionez, Ukrainako Segurtasun-Zerbitzuak (SBU) baieztatu du "ezkerreko erakunde bat desegin" duela, ustez errekruten arteko desobedientzia sustatzen zuena eta soldadutzatik ihes egitea bultzatzen zuena. Baina kritikak jaso dituzte atxilotuen aurka egindako akusazioek; izan ere, "frogen" artean daude Leninen, Marxen eta sobietar literaturako liburuak, eta horrek Ukrainan pentsamendu marxistaren aurka dagoen kriminalizazio orokorra erakusten du.

Azken sarekadak testuinguru zabalago baten parte dira, hain zuzen ere, Euromaidanetik hona Ukrainako ezker osoak jasaten duen errepresio-testuinguruan, hainbat analistak gogorarazten dutenez. Sozialdemokratak, anarkistak eta antifaxista ukrainarrak sistematikoki zapalduak eta jazarriak dira Kieveko erregimenean. Bien bitartean, hainbat behatzailek behin eta berriz adierazi dute talde neonazien propaganda babesten duela estatuak, sinbologia supremazista normalizatuta dagoela eta "arraza zuriaren" izenean erasoak egitea ia baimenduta dagoela, SBUren halako erantzunik gabe.

Hala ere, gazte horien atxiloketa mobilizazio militarraren gaitzespena eta estatuarekiko mesfidantza areagotzen ari diren une batean gertatu da, bereziki belaunaldi berrien artean. Egoera horren aurrean, talde marxista klandestino batzuk desertzioa modu antolatuan sustatzen saiatzen ari dira.

Ukrainako Langileen Fronteak (RFU) ukatu egin du atxilotuekiko lotura oro, eta gobernuaren aurkako disidentzia isilarazteko saiakera gisa salatu du kasua. Gaur egun, atxilotuei laguntza legala emateko dirua biltzen ari dira, eta nazioarteko ezkerreko hainbat mugimenduk elkartasuna adierazi diete akusatuei.

EZ DAGO IRUZKINIK