Azaroaren 14an, 20:15 inguruan, piper-gasarekin egindako eraso bat jasan zuten 14 eta 16 urte arteko hiru adingabe etorkinek Hortalezako (Madril) QuedaT zentroaren atarian. Lehen harrerako zentroko hezitzaileen arabera, sarrera parean geratu zen auto beltz bat iluntzean, eta kaputxadun gizon bat jaitsi zen bertatik: nerabeei aurpegira bota zien gasa zuzenean, zentrora sartzeko zain zeudela. Erasotzaileak berehala ihes egin zuen, biktimei begietan eta arnasean kalteak eragin ondoren. SAMUReko osasun-langileek azkar esku hartu behar izan zuten begiak garbitzeko eta gainerako asistentziarako.
Eraso hori ez da hutsean sortu, baizik eta Hortalezako harrera-zentroaren bueltan metatutako etsaitasun-testuinguru batean. Madrilgo Erkidegoak kudeatzen du espazio hori, bakarrik dauden adingabeei bideratuta dagoena, eta behin eta berriz jasan dituzte erasoak bertan dauden pertsonek. Irailean, hiru gazte jipoitu zituzten makilaz armatutako bi kaputxadunek, zentro inguruan. Duela gutxi, urrian, matxinada bat izan zen zentroan, eta horrek narratiba arrazistak piztu zituen sareetan eta hedabideetan, harrera-sistemaren ustezko "gainkargari" helduta.
Madrilgo Gizarte Langileen Elkarteak, besteak beste, argudiatzen du huts egindako integrazio-politikaren sintomak direla halako gertakariak. Politika horretan, bat egiten dute adingabeentzako hezkuntza- zein psikologia-baliabide faltak eta diskurtso publiko jakin batek, non gazte horiek "arazo" gisa estigmatizatzen dituzten, gatazka globalen biktima modura ikusi ordez. Horrela, eraso arrazistak sustatzen dituzte, hitzezkoetatik hasi eta eraso fisikoetaraino, inpunitate osoz.
Bitartean, Madrilgo Udalak, Jose Luis Martinez-Almeidaren (PP) agindupean, biolentziarekiko "zero tolerantziari" buruzko adierazpen orokorrak egin ditu, baina neurri zehatzik iragarri gabe. Save the Children eta Amnesty International erakundeek, teorian estatuaren babesean dauden haurren aurkako "eraso arrazista zuzen" gisa gaitzetsi dute Hortalezakoa. Gogorarazi dute Espainiako Estatuak, Haurren Eskubideei buruzko Konbentzioaren sinatzaile gisa, adingabe horiek zaintzeko betebeharra duela, haien jatorria edozein dela ere.