AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / Marca
2022/07/11 10:02

Larunbatetik iganderako gauean, lau emakumek jo zuten larrialdi-zerbitzuetara Iruñean (Nafarroa), pertsona ezezagunek ziztatu zituztela-eta. Zorabiatuta zeuden, eta kordea galtzeko sentsazioa ere bazuten zenbaitek, Diario de Navarra-k azaldu duenez. Arrieta kalean jaso zuten aurreneko abisua larrialdi-zerbitzuek, larunbatean, 21:00ak aldera. El Redin deituriko zonan izan zen bigarren erasoa, 23:00ak aldera. Gero, 02:00ak aldera, beste bi erasoren berri izan zuten larrialdi-zerbitzuek Sarasate pasealekuko postuan.

Orratz edo xiringa baten ziztada nabaritu zutela diote erasotuak izan ziren lau emakumeek, eta horren ostean sumatu zutela ondoeza. Sumisio kimikoari erantzuteko protokoloa jarri zuten martxan lau kasuetan, eta analisiak egiteko frogak jasotzea barne hartzen du horrek. Foruzaingoari bideratu dizkiote kasu guztiak.

Azken hilabeteetan, Europako hainbat lekutan ugaritu dira ziztada bidezko erasoak; nabarmena da Frantziako Estatuan izan den olatua, esaterako. Ipar Euskal Herriko Itaiak ekainean salatu zuen Ipar Euskal Herrian ere gora egin dutela mota horretako erasoek, eta sarri sexu-erasoei lotuta egon ohi direla ziztadak.

Frantziako Estatuan egindako azterketetan ez dute lortu identifikatzea zein den zehazki biktimei ziztatzen dieten substantzia, eta ez dago argi beti gai berdina ziztatzen zaien ere. Dena den, susmatzen dute estasi likidoa izan daitekeela; "bortxatzaileen droga" modura ezaguna da.

EZ DAGO IRUZKINIK