Gutxienez hiru erasoren berri eman dute azken egunotan Euskal Herrian; Barakaldon (Bizkaia) jazo da erasoetako bat, Bilbon (Bizkaia) beste bat, eta Durangon (Bizkaia) hirugarren bat. Sexu erasoak izan dira aurreneko biak, erasotzaile multipleekin. Durangoko kasuari dagokionez, bikotekideari eraso egin dio gizonezko batek. Barakaldoko erasotzaileak eta Bilboko bat ez ditu atxilotu Poliziak.
Batetik, beraz, "sexu abusuak" salatu ditu 71 urteko emakume batek. Barakaldoko adinekoentzako zentro batean gertatu ziren erasoak, modu jarraituan. Desgaitasun psikikoa pairatzen du emakumeak, eta azaldu duenez, urrian hasi ziren erasoak. Azaroan jakinarazi zien gertatutakoa zentroko beharginei, eta salaketa aurkeztu zuen hilaren 13an. Bera bezala, egoiliarra da erasotzaileetako bat. Bestea, ordea, egoiliar baten senarra da. Ertzaintzak ez ditu atxilotu; soilik ikerketa jarri du martxan.
Beste talde eraso bat
Bestetik, beste emakume batek salatu duenez, hiru gizonezkok inguratu zuten larunbat goizaldean Bilbon, eta paretaren kontra bultzatu ostean, sexu erasoak egin zizkioten. Mugikorra lapurtzen ere saiatu ziren, baina autodefentsara jo zuen emakumeak, eta azkenean, hirurek egin zuten alde. Ertzaintzari hots egin zion orduan emakumeak, eta erasoa jazo zen lekura bertaratuta, erasotzaileetako bi atxilotu zituzten. Ez, ordea, hirugarrena.
Durangon ere ez du etenik erasoen kontagailuak. 33 urteko gizonezko batek eraso egin zion bikotekideari iragan ostiralean, bien etxebizitzan. Laguntza eske egin behar izan zuen ihes emakumeak, eta Galdakaoko (Bizkaia) ospitalera eraman zuten, artatua izan zedin. Erasotzailea atxilotu zuten ertzainek.