Osakidetzak azpikontratatuta daukan garbiketa-zerbitzuko langileek laster beteko dituzte hiru hilabete greban. Bost urte baino gehiago daramatzate hitzarmena berritu gabe: salatu dute, besteak beste, euren lan-kontratuetan adierazten direnak baino lanordu gehiago izaten dituztela egiaz, eta "garapen profesionala" deiturikoari lotutako jarduna ez dietela ordaindu azken lau urteetan. Gainera, errelebo-kontraturik ez diete ahalbidetzen.
Beraz, joan den otsailaren amaieran jo zuten grebara, eta borrokan jarraitzen dute: osasun-sare publikoko garbiketako gainerako langileek dituzten baldintzekin parekatu nahi dituzte eurenak, eta hitzarmena berritzea nahi dute. Gehiengo sindikalak (LAB, UGT, CCOO eta ESK) maiatzaren 28ra arte luzatu du greba deialdia, eta ELAk, berriz, ekainaren 4ra arte.
Salatu dute Osakidetza ez dela "homologazio printzipioa" betetzen ari, eta uko egiten diola azken urteetan Osakidetzako zuzeneko langileei hainbat arlotan ezarri dizkien baldintzak azpikontratatutako beharginei ere aplikatzeari. Oraingoz, ordea, ez dago adostasunik itun kolektiboari buruzko negoziazio-mahaian. "Patronala, Osakidetza eta Eusko Jaurlaritza gatazka nahita luzatzen ari dira", ELAren ustez, "biltzeari uko eginez eta grebarako eskubidea urratzen duten ezohiko garbiketekin".
Greba egiteko eskubidea, behin eta berriz urratua
Lanuzteari ekin ziotenetik, langileek etengabe salatu dute sistematikoki ukatzen dietela greba egiteko eskubidea. Azken 80 greba egunetan, Gipuzkoan ezohiko sei garbiketa-saio egiteko agindua eman du Lan Sailak, garbitzaileen grebari zuzenean eraso eginda. Gainera, polizia-indarrak behin eta berriz bertaratu dira beharginen protestetara eta sarri oldartu dira euren kontra. Propaganda politikoa egin ahal izateko trabak ere etengabeak izan dira.
Maiatzaren hasieran, elkarretaratze bat egin zuten Donostiako (Gipuzkoa) ospitalean garbitzaileek eta Itaia Emakumeon Antolakunde Sozialistako kideek, "lan-baldintzak borrokatzeko, askatasun politikoen" defentsan. Garbiketako langileak jasaten ari diren eskubide politikoen urraketak salatu zituzten, eta nabarmendu zuten funtsezkoa dela "lan-baldintzen hobekuntza eskubide politikoen defentsarekin batera borrokatzea".
Greba sare publiko osoan
Gaur eta bihar, gainera, Osakidetza osoko langileak daude grebara deituta. Osakidetza salba dezagun lelopean, osasun-sare publiko osoan egin dute deialdia ELAk, Satsek, LABek, SMEk, CCOOk eta UGTk, eta mobilizazioak izango dira Bilbon, Donostian nahiz Gasteizen.