Aurreko ostiralean, 38 urteko gizonezko bat atxilotu zuten Gasteizen (Araba), bere bikotekideari eta semeari eraso egiteagatik. Zabalganan daukaten etxean gertatu zen erasoa, antza, liskar baten ostean. Gero, etxetik ihes egin zuen erasotzaileak hainbat egunez, eta handik kanpo atxilotu zuten.
Hurrengo egunean, larunbatean, Legorretan (Gipuzkoa) atzeman zuten beste gizonezko bat, bere neska lagunari erasotzeagatik.
Asteburua amaitu aurretik, igandean, hirugarren emakume batek jasan zuen eraso bat bere bikotekidearen partetik, Arabako hiriburuan kasu horretan ere. Antza, banantze-prozesuan dago bikotea, eta laguntza eske hots egin zuen emakumeak Aranbizkarrako bere etxetik: pisura sartu nahian eta emakumea jazartzen ari zen gizona. 39 urte ditu.
Bi sexu-eraso
Bestalde, aste hau hasi bezain pronto atera zen argitara Gasteizen haur batek jasandako sexu-erasoa: 11 urte besterik ez ditu umeak, eta 44 urteko gizonezko batek egin dio eraso, antza biek partekatzen duten etxebizitzan. Larunbatean atxilotu zuten erasotzailea, eta Zaballan (Araba) kartzelaratu dute.
Joan den astelehenean, gainera, 88 urteko gizonezko bat atxilotu dute hiri berdinean, emakume bati sexu-erasoa egiteagatik. Kaletik zihoala, atzetik jarraitu zion agureak, hitz lizunak esanez. Harrapatu zuenean, ukituak egin zizkion eta musu ematen saiatu zen.