Amerikako Estatu Batuetako (AEBak) armadak 929.000 hildako eragin ditu azken bi hamarkadetako gerretan, 2001eko irailaren 11ko atentatuez geroztik. AEBetako Brown Unibertsitateko Watson Institutuak Costs of War izeneko atarian hainbat ikerketa argitaratu ditu auziaren inguruan, eta horietan ikus daitekeenez, Irak (306.000 hildako), Siria (266.000 hildako), Afganistan (176.000 hildako), Yemen (112.000 hildako) eta Pakistan (67.000 hildako) izan dituzte gerra-agertoki AEBek azken 22 urteetan.
Irak (306.000 hildako), Siria (266.000 hildako), Afganistan (176.000 hildako), Yemen (112.000 hildako) eta Pakistan (67.000 hildako) izan dituzte gerra-agertoki AEBek
Aurrekoak gatazka armatuetako biktima zuzenak baino ez lirateke izango, gerrak eragindako hilkortasun tasa osoa askoz ere handiagoa dela estimatzen baita. Lurraldearen suntsiketak ekarritako higiene arazoak, gaixotasunak, goseteak eta uraren kontaminazioak, besteak beste, milaka hildako gehiago eragin dituztela ohartarazten dute. Bestalde, gerraosteko egoeren ondorioz 38 milioi pertsona desplazatu dira Afganistan, Pakistan, Irak, Siria, Libia, Yemen, Somalia eta Filipinetan bakarrik. Hala, AEBak izango lirateke behartutako desplazamenduen inoizko zifrarik handienaren erantzule zuzenak.
2001. urtetik 2021. urtera bitartean, Washingtonek 8 bilioi dolar inguru bideratu ditu terrorismoaren aurkako gerretara; 400.000.000.000 dolar urtean. Konparaketa bat egitearren, Espainiako Estatuaren 2022. urteko Barne Produktu Gordin (BPG) osoaren %602 bideratu da guztira interbentzio militar horietara; Espainiako Estatuko BPG osoaren %30 inguru urtero.
Washingtonek 8 bilioi dolar inguru bideratu ditu terrorismoaren aurkako gerretara; 400.000.000.000 dolar urtean. Konparaketa bat egitearren, Espainiako Estatuaren 2022. urteko Barne Produktu Gordin (BPG) osoaren %602 bideratu da guztira
Sarraski globala
2018. eta 2021. urteen artean soilik, munduko 85 herrialdetan gauzatu ditu "terrorismoaren aurkako operazio" deituriko esku-hartzeak. Epe berean, 79 herrialdetan eman dute operazio antiterroristetarako trebakuntza edota laguntza; tartean, Errusia inguratzen duten Ukrainan, Turkian, Kazakhstanen eta Azerbaijanen. Gainera, beste zortzi herrialdetan AEBetako armadak gerra egoeran parte hartzeko konpromisoa hartu du: Mali, Nigeria, Somalia, Kenya, Yemen, Siria, Irak eta Afganistanen. Bestalde, 41 herrialdetan ariketa militarrak egin dituzte (tartean, Espainiako Estatuan, Marokon, Kazakhstanen edota Iraken), eta aireko zein drone bidezko eraso zuzenak egin dituzte zazpi herrialdetan (Libian, Turkian, Iraken, Yemenen, Afganistanen, Pakistanen eta Somalian).
2018. eta 2021. urteen artean soilik, munduko 85 herrialdetan gauzatu ditu "terrorismoaren aurkako operazio" deituriko esku-hartzeak