1977ko urtarriletik 2022ko abendura bitartean, Frantziako Estatuan gutxienez 861 pertsona erail zituzten Frantziako Poliziak edo Jendarmeriak, euren esku-hartzeetan. Horiexek dira Basta Mediak bildu eta Ivan du Royk eta Ludo Simbillek aztertutako datu-baseak argitutako datuak. Biktimen erdiak 27 urte baino gutxiago zituzten.
Poliziaren indarkeria testuinguru ezberdinetan jazo bazen ere, su-armen erabilera izan zen nagusi heriotza gehienetan, 489 kasu erregistratu baitzituzten (guztizkoaren %57). Hilketa gehienak Paris, Lyon eta Marseilla bezalako hiri-aglomerazio handietan gertatu ziren, horietan izan baitziren kasuen ia erdia, nahiz eta estatuko biztanleriaren laurdena besterik ez diren horietan bizi.
Su-armen erabilera izan zen nagusi heriotza gehienetan, 489 kasu erregistratu baitzituzten
Erailketen testuinguruari dagokionez, datu-basearen arabera, heriotzetatik 204 gertatu ziren nortasun-kontrolei edo ohiko kontrolei lotutako egoeretan. Bestalde, 275 hilketa izan ziren polizien esku-hartze zuzenen ondorio, hau da, ustezko delituren batekin harreman zuzenik eduki gabe, "ikerketa-prozesuan" zehar gertatukoak. Beste 172 pertsona hil zituzten ageriko delitu-egoeretan, batez ere, lapurretei edo lapurreta saiakerei lotuta, eta beste hamabost lagun taser pistolen gisako arma "ez-hilgarriekin" erail zituzten. Gainera, 349 pertsonak galdu zuten bizia polizia-indarrengandik ihesi zihoazela, horietatik 134 auto-istripuetan. Atxilotuta zeudenei dagokienez, 129 lagun hil ziren kalabozoetan edo lekualdatzeko prozesuan.
Atxilotuta zeudenei dagokienez, 129 lagun hil ziren kalabozoetan edo lekualdatzeko prozesuan
Beste datu esanguratsu bat da 27 biktima hil zituztela "terroristen aurkako" operazioetan. Gainera, 80 kasutan, biktimaren bat erail zuen polizia-agentea zerbitzuz kanpo zegoen une horretan, eta horrek eztabaida handia sortu du; izan ere, gertakari horietako asko etxeko indarkeria-egoeren esparruan gertatu ziren, batez ere 2017tik aurrera, zerbitzuz kanpo armak eramateko politikak malgutu baitzituzten polizientzat.
Nabarmen igo da heriotzen maiztasuna 2014tik aurrera. Urte horretan 20 hilketa baino gehiago izan ziren, 2020an 40 kasu baino gehiago, eta 2021ean beste gorakada bat izan zen, 52 erailketarekin
Datu-basearen arabera, gainera, "ordena publikoa kontrolatzeko" operazioetan zazpi pertsona erail zituzten polizia-indarrek aipatutako epean, oro har, manifestazioetan. Datu horiek iradokitzen dutenez, indarkeriaren erabilera hilgarria etengabea izan da Poliziaren esku-hartzeen bilakaeran, eta nabarmen igo da heriotzen maiztasuna 2014tik aurrera. Urte horretan 20 hilketa baino gehiago izan ziren, 2020an 40 kasu baino gehiago, eta 2021ean beste gorakada bat izan zen, 52 erailketarekin.