Israelgo Estatuak palestinarren kontra erabiltzen duen ohiko mekanismo bat da "atxiloaldi administratiboa" deiturikoa. Legezko praktika bat da estatu sionistan: sionistek aukera dute palestinarrak atxilotu eta, epaiketarik ireki gabe edo inolako kargu zehatzik aurkeztu gabe, haiek kartzelaratzeko. Teorian, gehienez sei hilabete irauten du atxiloaldi administratiboak, baina mugarik gabe berritu daiteke ebazpena.
Okupatutako Zisjordanian eta Jerusalemen atxilo hartutako palestinarrak soilik kontuan hartuta, milaka dira atxiloaldi mota horretan daudenak: 3.443, gutxienez. Horiexek dira Adamer elkarteak azaroan emandako datuak, eta marka historiko guztiak hautsi dituzte.
Israelgo Estatuko Defentsa ministroak, gainera, berriki erabaki du Zisjordania okupatuan kolonoentzako atxiloaldi administratiboa deuseztatzea. "Zibil israeldartzat" jotzen diren kolonoek palestinarren kontrako erasoak areagotu dituztenean indargabetu du beren aurkako zigorra Israel Katz ministroak: "Ez da egokia Israelgo Estatuak hain neurri zorrotza hartzea [atxiloaldi administratiboa] kokalekuetako biztanleen aurka". Beraz, palestinarren aurka baino ez dute erabiliko zigor hori agintaritza sionistek.
Ia 12.000 atxiloketa urtebetean
Shin Bet (edo Shabak) segurtasun- eta inteligentzia-zerbitzu sionistak udan eman zituen datuen arabera, une horretan, 21.000 preso palestinar zituzten kartzeletan gatibu. Adamer elkarteak dio, 2023ko urriaren 7ko altxamendutik hona, gutxienez 11.800 atxiloketa egin dituztela sionistek, eta horietatik 10.000 ingururi ezarri dietela atxiloaldi administratiboa. Atxiloketa gehienak Jerusalem ekialdean eta Hebronen izan omen dira, okupatutako Zisjordania hegoaldean.
Bestalde, palestinar presoei emandako tratu txarrak aipatzen ditu Adamerrek bere azken txostenean. Iazko urritik gutxienez 45 preso erail dituzte sionistek, argitu gabeko baldintzetan, eta bestelako torturak eta mendeku-praktikak deskribatu ditu elkarteak: "Bortxaketak, jipoi bortitzak barne; atxilotuen eta haien familien aurkako mehatxuak; ondasunak oro har suntsitzea; ibilgailuak, dirua eta bitxiak konfiskatzea, eta azpiegiturak suntsitzea, bereziki Tulkarem eta Jeningo errefuxiatu-eremuetan".