Maitasunez eta herratik, "gune autogestionatu izenpean autoidentifikatutako komunitatean" hasi zen lanean Erraki Gune Autogestionatuen Babes Sarea, duela ia urtebete. Orain, 2020. urteko otsailean, jauzi erabakigarri bat ematea erabaki dute Errakiko kideek: hemendik aurrera, gune autogestionatuen defentsan aritzeaz gain, oro har "jabetza eredu burgesa hausteko hautua hartzen duten sektore proletario guztiak" babestuko dituzte; "langile kontrolpeko espazio" guztiak, alegia.
"Gaztetxeek, gune sozial okupatuek, etxebizitza blokeek edota bestelako kolektiboek" bizi duten "baliabide faltari" aurre egiteko jaio zen Erraki; hala nola "errepresioari erantzuteko" eta "espazioen defentsa indartzeko" asmoz, "babes mekanismo eraginkorrak antolatzeko".
GOGOETAK
Horretan jardun du ia hamabi hilabetez, eta hainbat hausnarketari heltzeko tartea ere izan dute babes sareko kideek. Hala, "babes sare proletario batek babestu beharko lukeen" eremuaren inguruan egin dute gogoeta, "auzia ikuspuntu proletario batetik aztertzeko", eta askotariko guneetan azaleratzen diren gatazkak "klase borrokaren adierazpenak direla ulertzeko kontzeptuak lantzeko eta garatzeko".
Hausnarketatik erdietsitako ondorio nagusiak esku artean ditu jada Errakik: lan eremua zabalduko dute, gune autogestionatuetatik harago. Aurrerantzean, Erraki Langile Kontrolpeko Espazioen Babes Sarea izango da.
JABETZA EZA OINARRIAN
Jauzi berri hori emateko, Errakik ebatzi du "langile kontrolaren hedapenerako baldintzak eraikitzen" egin beharra duela lan, "ezer ez dugunon interesen alde". Izan ere, gogoan izan dituzte "historian zehar espazioen langile kontrolak utzi dizkigun esperientziak: birjabetutako ospitale, fabrika, hotel, edota auzo osoetatik hasi, eta ordainketei uko eginez etxebizitzaren defentsa egin duten familia proletarioen borroketaraino".
"Esperientzia ezberdinak badira ere, oinarrian, jabetza pribatua gainditu eta jabetza proletarioa ezartzeko beharrak ezaugarritzen dituen borroka adierazpenak dira", gaineratu du Errakik. "Funtsean, jabetza ezak ezaugarritzen gaitu, eta ezinbestean, ostua izan zaigunaren birjabetzeak ezaugarrituko du gure askapena; ekoizpen eta bizi prozesuen kontrola eskuratzeko, jabetza pribatuaren aurkako oldarraldiak, alegia".
BABESGABETASUNARI AURRE
Gaurtik aurrera, beraz, lan eremua ireki eta orotariko espazioetan erronka berriei helduko die Errakik; "espazioen kontrolagatik ematen diren gatazka guztien oinarrian, jabetza eza eta langilegoaren egiturazko dominazioa daudela azaleratzen, eta batez ere, babesgabetasunari eraginkorra den modu bakarrean aurre egiten: klase batasunean ardaztuko den langilegoaren antolakuntza independentearen eraikuntzarekin".
Errakik argitaratutako bideoa ikusteko, egin klik hemen