Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak irailean jakinarazi zuen aurten ere prestatu duela Guda Zelaia jardunaldia, bigarrenez, urriaren 15erako. Oraingoan Bergaran (Gipuzkoa) izango dira ekimenak, eta egun osoko egitarauaren berri eman dute jada. 11:30ean emango diote hasiera egunari, Bergarako Kartzela Zaharrean: Arte sorkuntza eta aurreko ziklo politikoaren amaiera hitzaldia eskainiko du Ekida Arte Ekimen Sozialistak.
Horren ostean, kalera aterako dute Guda Zelaia. Izan ere, 13:00etan dantza ikuskizun bat izango da Munibe plazan, Moises Aspiazu Dantza Taldearen eskutik. 14:30ean egingo dute bazkaria Kartzela Zaharrean, eta horren ondoko kantaldia amaitzean, 18:00etan Ekidak aurten estreinatutako antzezlana ikusteko aukera egongo da. Hain zuzen, San Martin plazan izango da Agirretarren Bandera lanaren emanaldia.
19:30ean hasiko da Debrass Bandeko kideen emanaldia, eta Bergarako kaleetan barrena arituko dira. Gauean, bestalde, hainbat kontzertu izango dira Kartzela Zaharrean: Berandu Baino Lehen, Inguma eta Erne taldeek eta DJ Aifilek girotuko dute gaua.
Pol-Pol tabernan daude salgai bazkarirako txartelak, 10 euroan. Kontzertuetarako sarrerak, ordea, unean bertan egongo dira eskuragai, 5 euroan.