Joan den larunbatean, Arte sozialista antolatu zioen pankarta bat izan zen buru Arrasateko Gaztetxean. Izan ere, egun horretan egin zuten Guda Zelaia izeneko ekimenaren aurreneko edizioa Arrasaten (Gipuzkoa). Deba Bailarako Kontseilu Sozialistak antolatu zuen jardunaldia, "artearen eta kulturaren esparrutik, gizarte sozialistaren eraikuntzarako ekarpen bat" izan dadin aurrerantzean ere.
Egun osoko egitarau bat prestatu zuten larunbaterako; hala, goizean ekin zioten jardunaldiari Arrasateko Gaztetxean. Mahai-inguru batekin ireki zuten edizioa, 11:00etan; kultura proletarioaren eta kultura sozialistaren inguruan jardun zuten Aitor Bizkarrak, Hedoi Etxartek eta Nagore Arzallusek. Horren ostean, Laia Blascoren argazki erakusketa batez gozatzeko aukera izan zen, eta Urretxindorrak DJek girotu zuten gaztetxea.
15:00etan bertso bazkaria hasi zen; Maide Garmendia, Aitor Tatiegi eta Urko Arregi aritu ziren kantuan. 18:00etan, berriz, gaztetxetik kalera mugitu eta rap emanaldi berezi bat izan zen Biteri plazan. Tata, Mutiko, Fane, Doce C eta Eli rap abeslariek abestu zuten, Will Check-ek lagunduta. Egunari amaiera emateko, gauean J Martina eta Ezpalak taldeen kontzertua izan zen Arrasateko Gaztetxean, eta zenbait DJ ere igo ziren oholtzara.