AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
ARGAZKIA / EITB
2025/04/07 11:28

Azkenean, Laudioko (Araba) Guardian enpresako langileen gehiengoak onartu du zuzendaritzak egindako proposamena: lantokia zarratzea eta 171 langileak kalean uztea proposatu zuen, kalte-ordain batzuen truke. Azkenean, gaia ixtearen alde egin du beharginen gehiengoak, eta ez dute epaitegietara joko. Enpresarekin akordiorik ez zegoela-eta, ELA eta LAB sindikatuen asmoa zen, hasieran, Guardianen itxiera epaitegietara eramatea.

Aurreko ostiralean egin zuten asanblada bat enpresan, eta zuzendaritzaren proposamena bozkatu zuten. Aiaraldea-k jakinarazi duenez, aldea oso txikia izan zen ekoizpeneko beharginen artean: 67k egin zuten zuzendaritzaren eskaintzaren alde, eta 65ek kontra. Zuzendaritzako kideen artean, ia guztiek bozkatu zuten proposamenaren alde: 30ek esan zuten baietz, hiruk ezetz eta batek zurian bozkatu zuen. Bozketa horretako emaitzen ostean, hala, zuzendaritzak aurrera egingo du bere asmoekin, eta lantegia zarratuko du.

Guardianeko zuzendaritzak urtarrilean azaldu zuen ekainean itxi nahi zuela fabrika. Urtarrilaren 29an eman zuen horretarako pauso garrantzitsu bat: lantokiko labea behin betiko amatatu zuen, ia inolako oposiziorik gabe; ez ELA eta LAB sindikatuen partetik, ez erakunde publikoen partetik. Ordutik hitz egin dute itxiera ekidingo lukeen inbertitzaileren baten agerpenaz, eta Eusko Jaurlaritza martxoaren bukaeran bildu omen zen zenbait inbertitzaile posiblerekin.

Azken buruan, baina, ez dute inbertitzaileren baten proposamen zehatzik atera mahai gainera. Eta inbertitzaile bat egongo balitz ere, Guardianek ez lioke eskatuko plantilla mantentzeko. Sindikatuek adierazi izan dute ezinezkoa dela langileak birkokatzen saiatzea, eta kaleratzeengatiko "konpentsazio ekonomikorik onena" negoziatzera mugatuko zirela.

EZ DAGO IRUZKINIK