AKTUALITATEA EDITORIALA IKUSPUNTUA LANGILE ZIENTZIA KOLABORAZIOAK AGENDA GEDAR TB ARTEKA
Argazki Nagusia
2023/04/04 09:00

Aurrerantzean, Guardia Zibileko zuzendaritzako kide izango da Arturo Espejo. Sostengu Agintaritzako buru izendatu zuten iaz teniente jenerala, mailaz igota. Oraintsu baieztatu dute maila-igoera, dena den, aurreko astean Espainiako Kongresuan agerraldi bat egin zuenean. "Zoritxarrez, gu biktima bihurtu gaituztenei emandako igoera eta kondekorazio ugarietako bat da hau", salatu du Egiari Zor fundazioak.

Odolez zikinduta ditu eskuak Espejok; besteak beste, berekin lotuta argitara atera den kasuetako bat Mikel Zabalzarena da. Guardia Zibilak 1985eko azaroan atxilotu zuen orbaizetarra, ETAren kontrako polizia-operazio batean. Intxaurrondoko (Donostia, Gipuzkoa) kuartelera eraman zuten, eta hemeretzi egun beranduago agertu zen bere gorpua Bidasoa ibaian, eskuburdinekin lotuta. Zabalzarekin batera atxilotuak izan ziren pertsonek jakinarazi zuten torturak jasan zituztela kuartelean.

Guardia Zibilak berak aitortu izan duenez, garaian tenientea zen Espejok parte hartu zuen Zabalzaren atxiloaldian. Guardia zibilek emandako bertsio ofizialaren arabera, Zabalzak ihes egin zuen eurekin zulo bat topatzen ari zenean; Bidasoa ibaira jauzi egin zuen, eta hil egin zen.

Gerora egin ziren ikerketek eta adierazpenek, ordea, gezurtatu egin zuten bertsio faltsu hori: polizia-agenteek eragindako torturen ondorioz galdu zuen bizia. Garaian Guardia Zibileko buru zen Pedro Gomez Nietok, esaterako, telefonoz esan zion Juan Alberto Peroteri kuarteleko torturak zirela-eta hil zela Zabalza, gerora jakin zenez.

EZ DAGO IRUZKINIK